TXINAGOA

Testuak (Hasierako orria)
 

Jack Londonen narrazioa.

Carlos Panerak egokitu eta zuzendua. ("Mundopolis" muntaiaren barruan eskeinia, 1996.ean).

Aktoreak: Catalina Muñana (Ah-Cho) Ramón Ibarra (Cruchot, Wang Li, Bertakoa)  Agus Arrazola (Schemmer, Gartzelaria) Jone Irazabal (Ñu, Chan Sen)  Joseba Apaolaza (Ah-Chong, Bertakoa),  Asier Hormaza (Ah-Sam, Abokatua, Gartzelaria).

Euskarazko testua: Patxo Telleria.

 

Ah-Txo dut izena. Izen erreza da, Ah-Txo. Hauxe da dudan bakarra, nire izena. Nire izena eta istorio bat. Nire istorioa. Ah-Txo.ren istorioa.

Gosete ikaragarria zegoen Indotxinako gure herrixkan, eta egun batean herria eta familia utzi eta urruneko irla batera abiatu nintzen, Pazifikoko Irletara, Taithira, bost urtez bertan lanegiteko asmoarekin..

Bost urteotatik hiru joanak ziren. Irabazitakoarekin aberatsa nintzateke gure herrian. Bi urte besterik ez zitzaidan falta emaztea eta gure semetxoa berriro ikusteko, gure ametsetako etxea eraikitzeko. Baina artean dirua galtzen ari nintzen, eta dena Chan-Sen-en hilketa ikusteko halabeharra suertatu zitzaidalako. Hiru aste neramatzan espetxeraturik, eta tarte horretako egun bakoitzean berrogeitamarna zentabo ari nintzen galtzen. Baina epaileak laster zabalduko zuen erabakia eta lanera itzuliko nintzateke berriz ere.

(Ah-Cho beste akusatuen aldera doa. Schemmer eta abokatua ari dira, azalpenak ematen)

Ez nuen hizkuntza horretaz tutik entenditzen. Hizkera mordoilo horren hitz bat ere ez nuen ulertzen. Jendez beteriko areto horretan nekatuta sentitzen nintzen, ofizial batek eta bestek zerabilten hiketa etengabe eta zaratatsua entzuten nuen, erabat aspertuta. Hor ari ziren, berba eta berba, gelditu barik. Harritzekoa zen zenbat hitz eta denbora behar zuten Chan-Sen-en heriotzaren nondik norakoa argitzeko, eta hala ere ez zuten inolaz ere asmatzen.

(Schemmer akusatuen lakarrak aztertzen ari dela ikusten da)

AH-CHONG. Zertarako behar ote dute hainbeste berba erruduna nor den jakiteko?

AH-CHO. Nekez asmatuko dute. Guk ez diegu tintik ere esan eta Schemmer-ek ez zuen ezer ikusi.

WANG-LI. Bostehun langileok dakigu Ah-Sam izan zela. Nola daiteke haiek ez jakitea?

AH-CHONG. Ez diet ulertzen. Zergatik ez gaituzte, ba, torturatu?

WANG-LI. Tortura gaitzatela nahi al duzu?

AH-CHONG. Ez eta gutxiagorik ere! Baina ez dut ulertzen zergatik ez duten egin. Horrela, amen batean jakingo zuten egia, eta orain lanean egongo ginateke ostera ere. Ez dut sekula jende tentelagorik ikusi!

Nik ez neukan ezertaz bildurtzerik, ez nuen hilketan parte hartu, beraz, asper asper eginda nengoen, dena azkar buka zedin pazienteki desiatuz. Eta begiak Ñu-ren oroimenarekin argitzen zitzaizkidan. Gure ezkon gauean...

ÑU. (Barrez) Hitz eman didazu. Orain niri dagokit desioa eskatzea, eta eman egin behar didazu. Baina ez zaitut berehala ematera behartuko... Itxaron egin dezaket... zenbait urte. Etxe bat gogo dut ez oso handia, txikia baina ez oso txikia. Guretzat eta gure semealabentzat, eta zure arrebarentzat eta gure aita gaixoarentzat. (Barrez) Hau da, denok kabituko garen etxe txiki bat, (Ametsez bezela) atzekaldean edo aurrekaldean, edo albo batean edo bestean, urmael ttipi bat edukiko duena, koloretako arrainak eta lotoko loreekin. Eta ertzean zuhaitz bat egongo da, eta zuhaitzaren adarretatik zintzilik ezkilatxoak, haizeak mugiaraziko dituenak. Horrela, ilunabarrean, arroz alorretik itzultzen garenean, gure etxean koloretako arrainak dituen urmael ttipi bat zai dugula jakingo dugu.

Beste urte bi, eta egia bihurtuko zen gure ametsa. Baina artean, epaiketa noiz amituko zai geunden. Galdera asko egin ziguten, baina guk, gure isiltasun akordioan tinko, ez genien esan gau horretan, bostehun langileok pilaturik lo egiten genuen barrakoian gertatu zena.


(Hilketaren eskena)

AH-CHONG. Hilda dagoela uste dut.

AH-CHO. Hala uste dut nik ere.

AH-SAM. Denok ikusi duzue gertatu dena. Dirua lapurtu nahi zidan.

WANG-LI. Egia da, baina hil egin duzu, eta horrek ez du jada bueltarik.

AH-CHONG. Entzun egin dute, ziur naiz. Alde egin zazu, bestela zureak egin du.

AH-CHO. Schemmer berehala agertuko da.

WANG-LI. Joan zaitez ihesi, badakizu gure arteko liskarrak gogor zigortzen dituztela.

AH-SAM. Ez naiz hemendik joango. Aste honetako lana ez dut oraindik kobratu.

WANG-LI. Ah-Sam, sua duzu zure begi itsuetan. Zuriek heriotzarekin ordainduko dizute egindakoa!

AH-SAM. Baina nire soldata...

AH-CHO. Ahaztu dirua. Ez duzu beste irtenbiderik. Gogoratu Schemmer-ek Jiang gaixoa ukabilkada batez akatu zuenekoa. Ukabilkada bakar bat buruan eta astebetean burmuina usteldu zitzaion.

AH-SAM. Etzazue ezer esan!

AH-CHONG. Zoaz lasai, ez dugu tutik ere esango. Zoaz! Agudo!

AH-CHO. Norbait dator.

(Schemmer sartzen da)

Schemmer-ek zartakoa aidean altzatu eta gu bazter batean pilatu ginen. Alferrik, Ah-Chong gaixoari belarri batetik besterainoko zauria egin zion. Niri begiaren parean jo zidan, eta Wang-Li-ri lepoan. Baina Ah-Sam-ek ihes egitea lortu zuen. Ah-Sam bera izan zen, gure herrian geundela, irla horretara joateko ideia buruan sartu zidana. Hiru urte lehenago gertatu zen hura.


(Tabernako eskena)

BERTAKO 1. Ah-Cho, gurekin jokatu nahi duzu?

AH-CHO. Ez, milesker, gustora nago begira.

NATIVO 2. Ah-Cho-k ez du sekula jokatzen. Ah-Cho-k nahiago du meditatu. Pentsalari iaioa da Ah-Cho.

AH-CHO. Ez nago meditatzen. Begira nago, besterik gabe.

NATIVO 3. Esan, Ah-Cho, zein da beti besapean daramazun liburu horren izena?

AH-Cho. Esan egingo nizuke, baina zure benetako asmoa nire kontura barre egitea ote den beldur naiz.

NATIVO 2. Tira, Ah-Cho, ez susmo txarrik hartu. Geuk ere jakintsu izan nahi dugu.

AH-CHO. "Pake izpiritualaren Liburua" du izena.

NATIVO 2. Ostera ere irabazi duzu, Ah Sam! Hobe dut uztea, bestela geratzen zaidan apurra gal nezake.

NATIVO 1. Zortea bere alde du.

NATIVO 3. Irabazitakoarekin bidaiarako abarketa berriak erosiko ditut.

AH-CHO. Ba zoaz? Nora, baina?

NATIVO 2. Ez al zenekien? Ah-Cho, herriko gazte gehienak joango dira, non bizi zara, ba?

AH-CHO. Zergatik?

NATIVO 1. Miseria gorrian bizi gara hemen.

AH-CHO. Hori badakit, baina...

NATIVO 2. Eta norbaiti protestaka hastea okurritzen bazaio, badaki zer espero dezakeen: kartzela edo tortura ere.

NATIVO 3. Datorren hilean abiatuko gara. Urruneko irla batera, kotoia biltzera.

AH-CHO. Zertarako behar duzu kotoia?

NATIVO 1. Ah-Cho izpirituen munduan bizi dela dirudi. Ez da kotoia berak nahi duena.

NATIVO 3. Berrogeitamar zentabo irabaziko ditut.

AH-CHO. Hilabeteko?

NATIVO 2. Eguneko!

AH-CHO. Eguneko berrogeitamar zentabo? Hori dirutza itzela da!

NATIVO 3. Bost urtez egon beharko dut gogor lanean, baina aberasturik itzuliko naiz hona.

AH-CHO. Eta zuek, ez duzue joan behar?

NATIVO 1. Ezinezkoa dut nik. Semenagusia naiz, eta gure aita zaharrak ezin du berak bakarrik arrainez beteriko sarea jaso.

NATIVO 2. Ni joango nintzateke, baina bildur naiz. Txakur amorratuak bezala tratatzen omen dituzte gu bezalako langileak.

NATIVO 3. Ondo da, txakur izango naiz bost urtez. Ordutik hilarteraino, berriz, printze. (Barreak) Nirekin etorriko zara, Ah-Cho?

AH-CHO. Ez dakit, ba. Zoriontsua naiz hemen. (Isiltasuna)

NATIVO 1. Topa dezagun Ah-Sam-en izenean. Nik lan gogorrari aurre egiteko adina indar izan dezazula opa dizut.

NATIVO 2. Nik etxera dirutza handiarekin itzultzeko zoria izan dezazula opa dizut, eta semealaba asko izan ditzazula, eta semealaba hoiek iloba asko izan ditzatela, eta zure iloba horiek...

Ordurarte sekula ez zitzaidan herritik aldegitearen ideia burutik pasatu. Ez nintzen gizon diruzalea. Maiteago nuen meditazioa. Orduak eta orduak igaro nitzakeen, arroka baten gainean eserita, Pake Izpiritualaren Liburuko arauetaz gogoeta egiten. Baina orduan konturatu nintzen: herrian betirako geratzekotan ez nuke egundo ere erdietsiko Ñu-k hainbeste desiatzen zuen etxe eta lorategi hura. Beraz, neuk ere urruneko irla horretara ontziratzea erabaki nuen. Ilusioz beterik abiatu ginen. Horregatik, irlara heldu bezain pronto Schemmer ugazaba hitz egiten hasi zitzaigunean, bere zartailuak eta begietako suak baino harriagotu gintuen bere itxura bitxiak eta bere mintzaira ulertezinak. Schemmer-ek ukabilkada batez Jiang izeneko txinago bat akatu omen zuen behin, baina...

(Txinagoak irlara nola heltzen diren ikusten da)

SCHEMMER. Isila! Eta orain txinago nazkante lengoaia esango hitza batzu. Esango zergatik niri ordaintzen, nazkante txinagoak! Ordaindu txinago gorputzetik tanta izerdi azkena atera behar zaitut dudalako eta bihurtu gozo eta xamur kotoia. Ez lagunak daukat, bakarrik bat daukat lagunak. Hau nire da lagunik bakarrik. (Zartakoa astintzen du)

Horixe baino ez zekien gure hizkuntzan esaten. Buruz ikasita zeukan hitzaldia, helduberriei ikara gorputzean sartzeko, guri ordea oso barregarri iruditu zitzaigun.
Zoritxarrez, laster ikasi genuen Schemmer-ekin ez zegoela barrerik egiterik. Zartakoa maisutasunez erabiltzen zekien, eta maiz erabiltzen zuen, gogoan zuen guztietan. Chan-Sen hil zen gau horretan bete betean jo zigun. Orduzkero lakarrak desagertzen hasiak ziren. Zauri horiek ziren, hain zuzen, epaiketa bitxi horretan zuriei interesatzen zitzaien gauza bakarra. Eta ni, bitartean, ezin nuen Ñu burutik kendu.

ITZULTZAILEA.Adi egon denok! Epaileak esan legea kunplitu behar irla honetan, bertakoek eta txinagoek ere. Eta hirurok justiziaren lana nahastu aitormen faltsuekin. Beraz hirurak errudun zuen lankidearen heriotzarena. Zuetako bat gilotinan hiltzera kondenatu. Aukeratutakoa Ah-Chong, zartakoak aurpegian egin zauria handiagoa, horrek esan nahi hildakoaren ondoan egon besteak baino gehiago, beraz argi dago bera errudun nagusia. Baina besteak ere parte hartu, beste neurrian, aurpegiko zauriak txikiagogatik. Beraz Ah-Cho eta Wang-Li hamabi urte kartzelan.

Zer egin genezake? Alferrik zen asaldatzea, alferrik zen aurka ateratzea. Espetxean giltzapetu gintuzten. Nik orduak eta orduak ematen nituen bizitza eta heriotzari buruzko meditazioa egiten.


(Espetxean)

WANG-LI. Ah-Cho-k Asiako pazientzia osoa dauka hezurmuinetan. Bere patuaz kezkatzen ez dela dirudi.

AH-CHO. Zorte ona izan dudala uste dut. Eta zuk ere, Wang-Li. Hamabi urteko zigorra baino ez digute ezarri eta. Ah-Chong da benetan kexatzeko arrazoia duena. Zu eta biok, bederen, etxera itzuliko gara egunen batean.

WANG-LI. Pena arintzeko modu egokia da hori. Ah.Cho-k asko lagundu dit bere pentsakera gozoarekin.

AH-CHONG. Hamabi urte barru zimeldutako agure bat izango zara ia. Ez zara lan egiteko gauza izango. Etxera itzultzeko zoria baduzu ere, zer eskeiniko diozu ba, zure emazte urrikariari? Xentimorik ez.

WANG-LI. Egia da. Ah-Chong lagunak egiaren gordina erakutsi dit. Alferrik da kontsolamendurik bilatzea.

AH-CHO. Entzun! Pake Izpiritualaren Liburuko aipu bat gogoratu dut. Horrela dio: "Arrokaren pazientzia ikasten baduzu, arrokaren sendotasuna izango duzu".

WANG-LI. Oso aipu ederra da. Ederra da, ez duzu uste, Ah-Chong?

AH-CHONG. Ederra, bai. Baina zertan lagunduko dit niri? Bihar bertan moztuko didate burua, ez daukat pazientzia zertan erabili.

WANG-LI. Arrazoia duzu. Ah-Cho, zure prezeptu hori urik gabeko ur ontzi bat bezalakoa da berarentzat.

AH-CHONG. Ez dut sekula jende zuria ulertuko. Deabruak dira. Arrazoi argirik gabe haserretzen dira, eta benetan arriskutsuak dira sutan daudenean. Tutik ere ulertu gabe joango naiz beste mundura.

WANG-LI. Bai. Janari kontuan ez dute neurririk. Ez dira gu bezalakoak. Neurrigabe jan eta edaten duten tripontzi alenak dira. Deabruak dira, bai.

Ah-Cho. Harrigarriak dira, egia da. Baina batzuetan miresgarriak ere badira.

WANG-LI. Zer esan nahi du Ah-Cho-k horrekin?

AH-CHO. Esatebaterako, edozer lortzeko, gauza guztiak martzan jartzeko ahalmena, denari etekina ateratzeko abilidadea, lurrean diren izaki guztiak, dela animali, dela harri, beren borondatearen zerbitzura ipintzeko boterea.

WANG-LI. Ah-Cho-k arrazoi osoa du. Oso langileak dira. Horretan miragarriak dira.

AH-CHO. Deabruak dira.

WANG-LI. Baina ez al du Ah-Cho-k oraintxe bertan esan...

AH-CHO. Berdin espero dezakezu haiengandik saria ala zigorra. Ez dago sekula asmatzerik. Deabruen pareko dira.

Wang-Li. Bai, deabruen pareko dira... Ala ez... Zuk zer uste duzu, Ah-Chong?

AH-CHONG. Eh? Zertaz?

WANG-LI. Ah-Cho-k dioen lez, batera deabruak eta miragarriak dira, ala nik diodan bezala... Beno, zuk zer uste duzu?

AH-CHONG. Ez dakit zer esan. Leku askotakoak ezagutu ditut, ofizialak, marinelak, ugazabak eta presozainak... Denak dira berdinak nire irudirako.

AH-CHO. Bai, denak dira berdinak.

WANG-LI. Hori hobe dago. Gauza handia da ados egotea.

AH-CHO. Eta gainera, hain dira desberdinak...

WANG-LI. Baina...

AH-CHO. Ez direla batere gu bezalakoak, esan nahi dut.

WANG-LI. Ah...

Nire lagunen aurrean humoretsu eta baikor agertu arren, gau hura izerdi patsetan igaro nuen. Nire burua Pake Izpiritualen prezeptuetan pentsatzera behartu nuen, baina alferrik. Ñu-ren oroimena zertorkidan behin eta berriro.

ÑU. Ez, ez zaitez joan! Ah-Cho-k garai latzak datozela dio. Ah-Cho-k bizimodu erosoagoa nahi duela dio. Ah-Cho-k gizon dela dio. Baina nik emakume naizela diotsut. Badakit garai latzak datozela, baina badakit itxaroten jakin behar dela ere. Gaur euria bada bihar ateriko da. Baina Ah-Cho ametsen munduan bizi da eta ez lurrean. Ah-Cho-k azkar ibili nahi du, erbien antzera, azkar aberastu nahi du, eta ezezagunen hitz politak entzun besterik ez du egiten. Madarikatua desio hura konfesatu nizun eguna! Madarikatuak ezkilatxoak eta koloretako arrainak ere! Gainera...

Untziratu ginen egun berean jakin nuen Ñu haurdun zegoena. Baina beranduegi zen atzera egiteko. Gainera, aita izateak dirua irabaztera behartzen ninduen. Zer izango zen haietaz! Hamabi urte! Denbora gehiegi zen.

(Presozain bi sartu eta Wang-li eta Ah-chong daramatzate)

Bai, egia esatera, zuriak oso bitxiak ziren. Urrutira joan gabe, zer dela eta utzi behar ninduten ni bakarrik, lagunengandik aldendurik? Baliteke Schemmer-ek lan egitera berriro bidali nahi izatea. Ni gaztea nintzen, eta osasuntsua; soroan espetxean baino emankorragoa nintzela ondotxo zekien berak. Baina hamabi urteko zigorra zen! Hamabi urte lanean sosik kobratu gabe... Ordainduko al zidaten! Menturaz dena argituta zegoen, benetako erruduna nor zen aurkitua zuten. Gauzak horrela, laster itzuliko nintzateke etxera.

CRUCHOT. Ea, motel! Bidaiarako prestatu behar!

AH-CHO. Bagoaz!

CRUCHOT. Zu arraro mutila, dakizu?

AH-CHO. Gela hau oso argitsua delako nago irriz.

CRUCHOT. Egia daukazu. Gainera gaur ona bazkaria prestatu, begira zer mahaian duzu.

AH-CHO. Jatea daukat?

CRUCHOT. Nahi duzuna! Zuretzat da. Janaria bizitzako plazerra. Jan bildur gabe. Ni bizarra moztu. Itxura ona behar gaur. Zer... ona dago?

AH-CHO. Bai, oso ona, oso ona, jauna...

CRUCHOT. Erotuta zara! Zergatik barre zuk egin?

AH-CHO. Zuriak oso iletsuak zarete.

CRUCHOT. Bai, eta ni aspertu. Egunero moztu eta aspertu! Zuk gehiegi barre! Triste egon behar gaur.

AH-CHO. Pozik nago, janari gozoa da.

CRUCHOT. Urte asko chinagoekin eta ez ulertu inoiz. Burua moztuko zuri eta zu pozik!

AH-CHO. Baina zuk lanera eramango nauzu, ezta? Schemmer-en aginpera lanegitera...

CRUCHOT. Hara, hara... Adarrarekin jotzen, ala?

AH-CHO. Zeuk esan duzu. Bidaiarako prestatu behar nintzela esan didazu. Ez nauzu, ba, kotoi sorora eraman behar?

CRUCHOT. Kotoi soroa! Barregarria duzu! Ezin duzu gehiago lanik egin inoiz. Buru gabe ezin lan egin!

AH-CHO. Burua moztu behar didate...

CRUCHOT. Schemmer bera borrero. Inor hobea, horretarako Schemmer onena.

AH-CHO. Hemen gaizkiulertu bat egon da, antza. Ni Ah-Cho nauzu. Epaile Jaun agurgarriak hamabi urtez kartzelan egon behar nuela erabaki zuen.

CRUCHOT. Gillotina engainatu nahi, akaso?

AH-CHO. Erratuta zaudetela uste dut. Ni Ah-Cho nauzu. Ez naiz Ah-Chong. Epaile jaun agurgarriak ez zuen burua moztu behar zidatenik esan.

CRUCHOT. Ez beldurrik! Ez heriotza gogorra! Ikusi eta ez ikusi. Horrela. Ez da urkatu bezala, eta geratu aidean bost minutu edo gehiago, ostikoak eman eta ostikoak eman. Haizkorarekin oilasko hil bezala da. Kolpe bat eta lepoa moztu, eta kitto. Ba berdina gizonekin. Zas! Eta kitto. Ez denborarik pentsatzeko mina egiten ala ez. Ez ezer pentsatu. Burua kendu, beraz, ezin pentsatu duzu! Hiltzeko modu polita. Horrela gustatu niri hil. Azkar, azkar. Zoriontsua duzu. Imaginatu lepra hartu baduzu, poliki poliki apurtu, lehen hatzamarra, gero beste hatzamarra, gero hatzamar potoloa, eta azkenean oinetako hatzamarrak. Baina zuk heriotza erreza... zas! Kutxilak lepoa moztu eta kito! Beharbada kutxilak kilika egin. Ezin jakin! Gilotinan hil eta gero inor ez etorri berriro mundura kontatzera!

AH-CHO. Baina berriz ere badiotsut: ni Ah-Cho naiz. Ez dut nahi burua mozterik. Ez naiz Ah-Chong.

CRUCHOT. Nahiko! Kito!

AH-CHO. Sinistu egidazu. Ez naiz Ah-Chong. Epaitegian zeunden zu epaile jaun agurgarria hiltzailea nor zer ikertzen ari zenean. Gogoan duzu Ah-Chong, gilotinan hiltzera kondenatu zuten gizona? Ez duzu gogoratzen Ah-Chong altua zela? Ba begiratu niri!

CRUCHOT. Deabru! Tontakeri! Zuk engainatu nahi. Niretzat txinago dena berdinak. Txinago baten aurpegia berdin beste txinago baten aurpegia.

AH-CHO. Zuk badakizu. Badakizu ni baino altuagoa zela. Chinago guztion aurpegiak berdinak direla diozu. Ez al duzu gogoratzen zergatik kondenatu zuten bara? Zartakoak aurpegia zeharkatu zion. Ni ez naiz Ah-Chong! Ikusten? Oker zabiltzate!

CRUCHOT. Nahiko! Kito! Isilik.

Amets gaiztoa zirudien horrek, baina nik ez nuen hala ere esperantza galdu nahi. Ah-Chong eta ni hain ginen desberdinak. Dena argituko zen. Oinez ibilbide nekeza eginda gero, kotoi sorora iritsi ginen. Hor zegoen Schemmer. Hor zeuden nire 499 lankideak ere. Gillotina zeritzon tramankulu bitxia ere ikusi ahal izan nuen.

(Schemmer ikusten dugu, gilotina prestatzen)

AH-CHO. Jauna, hamaika bider esan dizut jada, ni ez naiz Ah-Chong.

CRUCHOT. Beti gauza bera esan eta ni oso aspertu! Isilik!

AH-CHO. (Schemmer-i)Presozain agurgarria oker dabil. Zuk ezagutzen nauzu. Ni ez naiz Ah-Chong. Ni Ah-cho naiz. Ah-Chong gizon altua da, eta ni, ageri denez, bajua.

(Schemmer soka askatzen hasten da)

AH-CHO. Ezagutu egin nauzu, ezta? Ni Ah-Cho naiz.

CRUCHOT. Nik asko sentitu, Ah-Cho. Baina Schemmer-ek esan atzerapenik ez ejekuzioan. Eskarmentua egiteko ejekuzioa da, eta bostehun txinago geldirik, lan egin gabe, ikusteko, hiru ordu. Ezin galdu denbora gehiago, benetako kondetatua oso urrun. Ezinezkoa. Denbora gehiegi galdu. Nik bakarrik agindua bete zuk ekarri esan moduan. Ez gure errua. Ez nire errua. Ez da erreza, chinago bat eta bestea beti berdinak. Nik asko sentitu...

Argi zegoen jada, deabru zuriek eritzia aldatua zuten. Errugabe bati lepoa moztu beharrean, beste bati moztuko zioten, bost ajola nor zen! Beraientzat denak berdinak ginen... Begiak itxi eta Pake Izpiritualaren Liburuko aipamenen bat gogora ekartzen ahalegindu nintzen. Burura heldu zitzaidan lehena honako hau izan zen: "Bake eta laguntasunean bizi zure ingurukoekin", baina ez zen momenturako oso aproposa, oso bizitza laburra geratzen baizitzaidan. Berehala hilko ninduten. Ez, aipamen horrek ez zidan ezertarako balio. "Barka ezazu malizia" Hori hobe zegoen, baina hor ez zegoen barkatzeko maliziarik. Schemmer eta bere lagunak borondate onez ari ziren. Beraientzat nire heriotza bete beharreko beste tramite bat baino ez zen, ohiana garbitu, azekia bat eraiki edo kotoia lantzea bezalakoa.

CRUCHOT. (Off-ean) Zoriontsua duzu. Imaginatu lepra hartu baduzu, poliki poliki apurtu, lehen hatzamarra, gero beste hatzamarra, gero hatzamar potoloa, eta azkenean oinetako hatzamarrak. Baina zuk heriotza erreza... zas! Kutxilak lepoa moztu eta kito! Beharbada kutxilak kilika egin. Ezin jakin! Gilotinan hil eta gero inor ez etorri berriro mundura kontatzera!

ÑU. (Offean) Denok kabituko garen etxe txiki bat, (Ametsez bezela) atzekaldean edo aurrekaldean, edo albo batean edo bestean, urmael ttipi bat edukiko duena, koloretako arrainak eta lotoko loreekin. Eta ertzean zuhaitz bat egongo da, eta zuhaitzaren adarretatik zintzilik ezkilatxoak, haizeak mugiaraziko dituenak. Horrela, ilunabarrean, arroz alorretik itzultzen garenean, gure etxean koloretako arrainak dituen urmael ttipi bat zai dugula jakingo dugu.

Halako batean Schemmer-en boz bildurgarria sentitu nuen larruan. Ondoren zarata lehor bat. Ez nuen kutxilla jeisten ikusterik izan. Baina sentitu egin nuen lipar batez, instant motz baina luze batez. Eta orduan Cruchot presozainaren hitzak etorri zitzaizkidan gogora. (Cruchot-en azken hitzak entzuten ditu berriro) "Hiltzeko modu polita. Horrela gustatu niri hil. Azkar, azkar. Zoriontsua duzu. Beharbada kutxilak kilika egin. Ezin jakin. Gillotinan hil eta gero inor ez etorri berriro mundura kontatzera". Baina Cruchot presozaina oker zebilen. Kutxilak ez zuen kilika egiten. (Ah-Cho-ren burua besterik ez da ikusten) Huraxe izan zen jakin nuen azkena, betirako ezer jakin gabe geratu baino lehen.

 
Amaiera

  www.maskarada.net  

Testuak (Hasierako orria)

www.komunika.net