KONTRABAXUA
Patrick Süskind-Maskarada

Testuak (Hasierako orria)
 
Esan daiteke euskarazko teatro lan "klasiko" baten aurrean gaudela.
1988an estreinatu zen eta 350 emanaldi inguru egin ziren (ez da txantetakoa kontutan izanik euskaraz bakarrik eskeini zela).

Antzeztokiak era askotakoak izan dira. Bilboko Arragian hasi eta herri nimino bateko txoko batetarainoko tartean imagina daitezken guztiak: antzokiak, kultur etxeko aretoak, euskaltegiko gelak, institutoak, ikastolak, Unibersitatea, tabernak, gazteetxeak , polikiroldegiak, museoak.......

Mikel Martninez-ek, obra honetako jokalari bakarrak, oso sari garrantzitsu eta polita jaso zuen lan honengatik: Euskal Aktoreen Batasunak urtero banatzen duen "Besarkada" izeneko saria.
DEIA egunkaria
1988.eko abenduaren 27a

Begoña bel Teso 

Teatroa. Antzerkia. Egitazkoa. Benetazkoa. Taberna baten ikusitakoa. Zerbezaren aparraz nahasturik dastatzen den une magikoa. Kontrabaxuaren perkusioak lorturiko berrogei minutu marabillosoak. Aktore baten eta ikuslegoaren arteko bakarrizketa. Taberna, antzoki miresgarria. Kotrabaxujole funtzionaria "Amuarrainaren quintetoa" jotzeko gai den maisu bilakatua...... guzti hori Donostiako Alde Zaharreko "Etxabe" famatuan. Hamaika sentsazio ahazkaitzak "Kafe teatro jaialdia" delakoaren barruan.
Mikel Martinez izan zen aktorea, kontrabaxujole maiteminduta eta nazkatuta. Igandeko gaua zen baina nere aldamenean zegoenari lehen ministraren papera egiteko eskatu zion eta berak bete ere "bakarhizketa" jartzen zuen programan. Baina bankuan zegoenari kontseilu eskatu zion amodio penetan. Eta zutik zegoen neska besarkatu zuen berak, kontrabaxujoleak, maitatzen zuen mezzosopranoa balitz legez. "Bakarhizketa", baina denok sentitu ginen plaka akustikoz "insonorizatuta" zegoen gela hartan gonbidaturik.

Antzokia, taberna zen. Taberna arrunta. Barra, komunak, aulki eta bankuak, baina obran zehar eskenatoki erreal bihurtu zen. Zein ondo erabili zuen Mikelek, zituen ate, zirrikitu, kolumna guztiak. Zeinen ederki mugitu zuen obra ezkutupean geratzen zen zuzendariak.

"Kontrabaxua" euskaraz. Euskara arin eta leun batez aktore ezin hobe, errekurtsoz beteriko antzezle batek emana, bizitua.

"Kontrabaxua", gizaki arrunt baten monologoa, neuraz beteriko musikari baten bere tresnarekiko amodio eta gorrotozko istorioa.

"Kontrabaxua", gutxitan, baina gero eta maizago ikusten den teatro harri bitxia. "Kontrabaxua" kafe teatro jaialdian sekulan ere imajina dezakezuen teatro sinfonia gazi-gozoa.

"Kontrabaxua", orkestraren tresnarik funtsezkoena, traketsena, pottoloena, baldresena.....teatro on bihurturik.

Hemendik aurrera, kontzertuetara zoazenero, adi egon kontrabaxuak jotzen duenean. Gaurtik aurrera, erne ibili edozein tabernatan teatroarekin egin bait dezakezu topo. Eta ahazturik ez dituzun bi izen gorde zure baitan: Maskarada eta Mikel Martinez. Eta, gau magikoa gogoratuz, jar ezazu tokadiskoan "Amuarrainaren quintetoa" faborez.

  
Fitxa artistiko-teknikoa

Egilea: Patrick Süskind
Zuzendaria: Karlos Panera

Aktorea: Mikel Martinez

Euskararako itzulpena: Jose Ramon Egiluz

Jose Ramon Urrutxua
Jantziak eta atrezzoa: Aitor Mazo

Argiak eta soinua: Jon Mesperuza

Beharrizan teknikoak:

Lan hau kafe tetrorako edo areto eta gela polibalenteetan antzezteko prenstatu zuen Maskaradak. Berdin dio gelaren forma edo dekorazioa, eta beronen tamainua edo neurriak ikusle kopuruaren arabekoak izango dira, lanak ez bait du leku propiorik behar, ikusleen artean antzezten delarik.
Iraupena: 55 mn. 

  
Kontrabajuaren kartela.
 
KONTRABAXUA
 
Kontrabajuaren beste kartel bat.

(Gela bat. Beste gauza butzuren artean, kontrabaju bat eta musika-ekipoa ageri dira. Disko bat entzuten da, Brahms-en Bigarren Sinfonia. Gizon gazte bat sartzen da eta hitz egiten hasten da).

Egon pixka batean... badator... Oraintxe! Ez duzue entzuten? Ja! Oraintxe! Entzuten duzue? Berehala itzuliko da, pasarte berbera; egon pixka batean.

Oraintxe! Entzuten duzue? Bajuei buruz ari naiz. Kontrabajuei buruz...

Neu naiz hori. Edo, hobeto esateko, geu gara. Nire kolegak eta neu. Orkesta Nazionala. Brahms-en Bigarrena harrigarria da. Zortzi gara guztira. Lantzean behin kanpotik etortzen dira eta hambi izateraino iristen gara, eta hori ez da edozelango gauza, egidazue kasu, ez da edozer. Hamabi kontrabajuri, beraiek nahi izanez gero -teorian ari naiz eh!, jakina- ezin zaie eutsi ez eta orkesta oso baten languntzaz ere. Izan ere, geu gabe ezin zaio ezertxori ere heldu. Galde egiozue edonori. Edozein musikarik baieztatuko dizue, gogo onez baieztatu ere, orkesta batek zuzendaririk gabe ere jo dezakeela, kontrabajurik gabe, ezin ordea.

Kontrabajua da, askogatik izan ere, orkestaren musikatresnarik funtsezkoena. Utzigizue bajua alde batera eta ikusiko duzue nolako nahaste-borrastea sortzen den, hura bai izango dela Babel edo Sodoma, ja inortxok ere ez du jakingo zergatik eta zertarako jotzen duen. Imajina ezazue, esate baterako, Schubert-en Si minorreko Sinfonia, bajurik gabe. Begibistan dago: akabo Sinfonia! Eta horrekin batera, akabo orkestaren inguruko literatura guztia ere, A-tik hasi eta Z-rainoko guztia, eta zeuek nahi duzuen beste guztia ere akabo: sinfoniak, operak, errezitalak; kontrabajurik ez badute behinik behin. Eta galde egiozue orkestako musikari bati ea noiz hasten den haria galtzen. Galdegiozue, bai, eta esango dizue: kontrabajurik entzuten ez duenean. Ederra kontua! Jazz-banda batean oraindik nabarmenago. Bajua albo batera uzten bada, jazz-banda osoa bertan behera jausi, hautsi eta desegiten da -oraingoan zentzu figuratuan ari naiz- denak eztanda egin izan balu bezala. Denak galtzen du zentzua gainerako musikarientzat. Bestalde, ni jazzaren aurkakoa naiz, gaitzetsi egiten dut, baita rocka eta beste antzeko batzuk ere, ze ni, edertasunaren zentzu klasikoan hezita nagoen artista naizenez, inprobisazio librearen anarkiak amorrarazten nau beste edozerk baino gehiago. Baina hau haritik kanpora dago.

(Diskoa amatatu egiten du)

Argi eta garbi utzi nahi nuen gauza bakarra hauxe da: kontrabajua dela orkestaren ardatza, orkestako tresna nagusia. Jakin, mundu guztiak daki hori, gertatzen dena da gero inork ez duela horrelakorik garbi aitortzen, orkesta-musikaria jeloskor xamarra delako berez. Hala ere orkestaren oniarrizko egitura guztia osatzen du berak, eta gainerako guztia zerbait izango bada, gainerako guztia musika izango bada, kontrabajuaren bidez izango da.

Sopranoa, esate baterako. Operaz ari naiz orain. Sopranoa, zera... ez dakit nola adierazi... Begira, orain soprano gazte bat dugu operan, mezzosopronoa... abots ugari entzun dut, baina horrena hunkigarria da benetan. Emakume horrek barne-muinetaraino hunkitzen nau. Ia neskatxa bat da oraindik. Hogeita bost urte. Nik hogetia hamabost dauzkat; beteberriak, hala ere. Emakume zoragarria. Inspirazio-iturri paregabea...!! Baina hau ere haritik kanpora dago.

Ba bai, esaten nizuenez, kantari hau egunen batean -Sara du izena-, egunen batean, esaten nuen, famatua egingo da. Musika kontuan ezer ulertzen badut, eta jakin nahikotxo dakit, egunen batean guztiz famatua izango dela diotsuet. Eta horretan guk, orkestakook, geure eragina izango dugu, eta bereziki kontrabajujoleok, nik neuk, alegia. Ez al da poztekoa?

Tira ba, buelta gaitezen berriro lehengo harira: kontrabajua da, bere oniarrizko tonuari esker, orkestaren musikatresnarik funtsezkoena. Hitz batean esanda, kontrabajua da harizko tresnen artean bajuena. Mi bajueneraino jaisteko kapaz da. Baina zuek.............. Beharbada hobe izango da adibide bat jartzen badizuet... Egon pixka batean.

....Izan ere, nire bajuak daukan gauzarik onena arkua da. Pfretzschner bat. Gaurregun berrehun mila onak (10.000 libera) balio ditu. Nik hirurogei eta pikutan (3.000 libera) erosi nuen. Zoratzekoa da azken hamar urteotan nola egin duen gorantz musikatresnen prezioak. Zer egingo diogu, bada.

Ea bada!Mikel Martinez.


(Kontrabajua jotzen du).

Entzun duzue Mi hori? Zehatzago esanda: 41'2 hertzio, ondo afinaturik dagoenean. Egon badaude oraindik beherago egiteko kapaz (gai) diren bajuak, Do-raino eta are gehiago, Si bajueneraino; horrek esan nahi du 30'9 hertzio direla. Oinarri-oinarrian dagoen tonurik grabeena.

Bestalde, kontrabajua da, zenbat eta urrunago egon, orduan eta hobekiago entzuten den musikatresna bakarra, eta honek bere arazoak sortzen ditu. Begira, gela guztia plaka akustikoz beterik daukat: hormak, sabaia, zorua. Atea, aho bikoa da eta akoltxaturik dago barrukaldetik. Leihoak kristal bereziz eginak dira eta markoak insonorizatuak. Dirutza ederra pagatu behar izan dut, baina hotsen ehuneko 95a jaten du. Hiriko zaratarik entzuten al duzue? Hiriaren erdi-erdian bizi naiz. Ez duzuela sinesten? Egon pixka batean!


(Leihoa zabaltzen du eta izugarrizko zarata entzuten da).

Entzuten duzue? Berlioz-en Tedeuma bezain altua. Ba... durrunda hau, itzelezko zarata hau ia-ia 102 dezibeliotakoa da. Bai. Neurtuta daukat. Nahikoa da, ezta? Berriro zarratuko dut...


(Leihoa ixten du).

Tira ba, orain ez da ezer entzuten. Insonorizazio ona daukat, ezta?

Ederto. Eta orain adi egon apur batean! Aproba bat egingo dugu. Nire bajua nahiko arrunta da. Ez da aparteko tresna, ez, on samarra dela esan genezake, dexente ona beharbada; gaur egun milioi ta erdi (50.000 libera) eska nezake berorren truke, eta nik berrehun milean (10.000 libera) erosi nuen. Zoratzekoa. Tira ba, orain tonu bat joko dizuet, edozein, Do naturala adibidez...


(Jo egiten du).

Ba bai. Hau pianissimo izan da. Orain piano joko dut...


(Berriro jotzen du).

Ondo. Eta orain adi egon apur batean, mezzoforte eta forte bitartekoa joko dut-eta. Ez ahaztu ordea, gela insonorizatuta dagoela...


(Jo egiten du).

Ondo. Eta orain egon pixka batean... ltxaron apur bat gehiago... berehala entzungo duzue...


(Zarata hotsa).

Hara hor! Entzun duzue? Goikolea (Aguerre) anderea da, goian bizi dena. Zaratarik txikiena entzun baino ez, zoruari kolpeka hasten da eta halakoetan mezzofortea baino altuago jo dudala jakiten dut. Hemen, ordea, gelan gaudenontzat, ez da soinu altuegia, apal xamarra beharbada.

Ondo. Hauxe da nik musikatresnaren perkusio-indarra deitzen dudana, dardarazio bajuek sortzen dutena. Flauta edo tronpeta baten soinua ozenagoa dela uste izaten du jendeak, baina ez da horrela, ez bait dago perkusio-indarrik. Ez dago hedapenik. Ez dago 'body'rik, amerikarrek esan ohi dutenez. Nik badaukat 'body' hori, edo, hobeto esanda, nire tresnak badu 'body'rik. Eta horixe da tresna honek niretzat duen gustoko gauza bakarra. Horrez gain ez da ezertxo ere, kalamidade hutsa besterik ez da.

Mikel Martinez.

Hamazazpi urte nituela hasi nintzen kontrabajua jotzen. Hogeita bost urte dauzkat orain. Ez zen borondatezko gauza izan, ez-usteko zerbait izan zen. Bestalde, ez dut ezagutzen kolega bat ere, bera bere borondatez kontrabajua jotzen hasi denik. Eta neurri batean ez da harritzekoa. Musikatresna bezala ez da bat ere erabilgarria. Egia esan, kontrabajua musikatresna baino areago oztopoa dela esango nuke. Ezin duzu alde batetik bestera eraman, arrastaka bultzatu behar duzu eta, lurrera eroriz gero, hautsi egiten da. Kotxean sartu nahi izanez gero eskumaldeko jarlekua atera behar duzu, eta horrela ere kotxea gainezka beteta uzten dizu. Etxean beti daukazu traban. Alferrikako traste zahar batek baino leku gehiago behar du. Bai, hala da. Ez da piano baten modukoa. Pianoa altzari bat da. Ixten duzu eta hantxe egoten da utzitako lekuan, geldi. Kontrabajua ez, ordea. Kontrabajua beti traban eta enbarazuan... Banuen osaba bat beti gaisorik egoten zena, eta beti, behin eta berriro, inork jaramonik egiten ez ziola-eta erostaka ibiltzen zena. Halakoxea da kontrabajua ere. Gonbidatuak etortzen badira, bera izango da etxeko kutuna. Bera ibiliko da denen ahotan. Emakume batekin bakarrik egon nahi baduzu, hantxe egongo da kontrabajua, dena ikusten, dena begiratzen. Emakumearekin kutunketan hasi eta han daukazu kontrabajua, begiak zabal-zabalik. Beti eragiten dizu sentsazio berbera, egiten ari zarena barregarria eta trufarako motibo dela. Eta jakina, emakumeak ere nabaritzen du sentsazio hori, barregarri gelditzeko bildur hori. Eta horrela ez dago ezer egiterik. A ze nazka! Barkaidazue... urduri jartzen ari naiz. Baina, badira bi urte, bi urte! emakume batekin larrutan egin ez dudana, eta errua honexena da! Azkenengoz egin nuenean bainugelan giltzaperatu nuen, baina alfer-alferrik izan zen, haren izpiritua hantxe bait zegoen, geure gainetik, aidean, kalderoi bat bezala.

Hurrengo batean emakumeren bat ohera eramaten badut, eta hori ez da gauza segurua, ze, dagoeneko hogeita hamabost urte badauzkat, baina, ze arraio! ni baino itsusiagorik ere bada, eta gainera funtzionaria naiz, eta maitemintzeko sasoian nago oraindik...!

Aizue...! Honez gero maitemindurik nago. Edo erdi liluraturik, ez dakit. Neskak berak ere ez daki. Zera da... lehenago aipatu dudan hori... opera-taldeko kantari gazte hori, Sara izenekoa. Ez da gauza segurua bion artean holakorik gertatzea, baina inoiz... inoiz aukera sortuko balitz, egitekoa... bere etxean egiten ahaleginduko naiz. Edo hotel batean. Edo aire zabalean, izarren azpian, euririk ez bada.

Kontrabajuari kalte egiten dion zerbait baldin badago, euria da. Euria egiten duenean kikildu egiten da, edo hobe esanda, hantu, blai eginda gelditzen da. Ez, euriak ez dio batere onik egiten. Ezta hotzak ere. Hotz dagoenean ere kikildu egiten da, eta halakoetan gutxienez bi ordu edo utzi behar da epeletan jo baino lehenago.

Behin, 74eko abenduan, paraje galdu batean geratu ginen elurte gogor batek harrapatuta. Bi orduz itxaron behar izan genuen grua etorri artean. Eta nik neure abrigua utzi behar izan nion eta neure gorputzez berotu. Gero, kontzertuan, bera epel-epel zegoen eta ni, artean, gripe latz batek jota.

Askotan sentitzen naiz bakarrik. Saiorik ez dugunean, ia beti egoten naiz etxean sartuta, bakarrik. Disko pare bat jarri eta lantzean behin entsaiatzeari ekiten diot, baina ilusiroik gabe, beti berdin. Gaur gaueko ekitaldiari Rin-eko Urrea izeneko piezaz emango diogu hasiera. Carlo Maria Giulini izango dugu zuzendari gonbidatua, eta lehen ministroa egongo da aurreko iladan; entzulegorik apainduena, sarreren prezioa hamar mila pezetetan (500 libera), zoratzekoa! Niri, hala ere, horrek bost axola. Ez nabil ikasten. Rin-eko Urrean zortzi gara; beraz, bakarkako interpretazioak ez du inolako luzimendurik.

Bai, halaxe da, gela honetan sartuta egoten naiz beti. Eta sarritan, hartzen dut kontrabajua eta aulkiaren arrimuan jartzen dut, arkua haren ondoan utzi, eta hari begira geratzen naiz. Eta pentsatzen hasten naiz: halako tresna zatarrik! Begira egiozue, mesedez! Begira egiozue ondo! Atso zaharra ematen du eta lodia gainera! Mokor-hezurrak zabalegiak ditu eta gerri-buelta hain baldarra, hain altua eta itxuragabea...! Eta sorbalda ziztrin eta jausi horiek... zoratzekoa benetan! Kontrabajua da sekula asmatu den musikatresnarik potoloena, nazkagarriena eta baldrasena. Musikatresnarik barregarriena.

Eta ez itxuragatik bakarrik. Entzun dezagun orain obra estandarra, kontrabajurako dagoen onena, nolabait esateko, kontrabajurako konposizioen artean gailurra jo duena, Bottesini-rena, entzun arretaz...


(Diskoa jartzen du).

Hauxe da Dittersdorf-en Kontrabaju eta Orkestarako Kontzertua Mi Maiorren. Esaidazue argi eta garbi, ez al da ederra?


(Diskoa kentzen du).

Tira, nahikoa da! Zer, berriro entzun nahi duzue? Berriro entzun, den bezalakoa, konposizioari kasu egin gabe? Edo kadentzia hura? Berriro entzun nahi duzue kadentzia hura? Kadentziaren pasarte hori barreak lehertzeko modukoa da! Obraren soinua, oso-osorik negar egiteko modukoa da!

Literaturan, guztira, kontrabaju eta orkestarako berrogeita hamar kontzertu egongo dira, hortxe-hortxe. Denak entzute handirik gabeko konpositoreenak. Ala, ezagutzen al duzue Johann Sperger? Edota Domenico Dragonetti? Edo Karl Ditters von Dittersdorf? Edo Simandl edo Kussewitzki edo Holt edo Vanhal edo Otto Geier edo Hoffmeister edo Othaman Klose? Ezagutzen duzue horietarikoren bat? Kontrabajuaren maisuak dira. Funtsean, denak ni bezalako gizakumeak. Kontrabajujoleak, egonezinaren puruz, konposizio-lanetara behartuak eta hori kontzertuetan antzematen da, ze, itxurazko konpositore batek ez du kontrabajurako musikarik idazten, hori baino gustu hobea dauka, bai horixe; eta kontrabajurako musika idazten duenean barre egiteko izaten da. Kontzertuak, ba!............

Kamara-musika gehiago sortu beharko litzateke. Schubert-en Amuarrainaren Kintetoa, adibidez. Aizue, karrera musikal baten ikuspegitik gailurra jotzea litzateke hori. Edozein kontrabajujoleren ametsa, Schubert... Baina hori urrun dago, oso urrun.


(Kontrabajuarekin estrapozu egiten du).

Hau gurutzea! Beti traban, ergel halakoa! Esan ahal didazue zer dela eta bizi den hogeita hamabost urteko gizon bat, ni neu alegia, etengabe oztopo egiten dion musikatresna batekin? Gizarte, espazio eta sexu mailan ez ezik, musikaren ikuspegitik ere oztopo egiten diona? Ea nork esplikatzen didan. Barkaidazue oihuka hasten banaiz, baina hemen nahi dudan besteko karraxiak egin ahal ditut. Ez du inork entzungo, plaka akustikoei esker. Ez dit inork entzuten.


(Kolpe hotsak entzuten dira sapai aldetik).

Egunen batean hil egingo dut, egunen batean kolpeka akatuko dut... Zerra hartu eta dena zatitu! Haizkora hartu eta jo-ta txikitu! Apur-apur egin, birrindu, haustu.


(Isildu egiten da apur batez).

Kantari gaztetxo hori... zoragarria da, ttiki xamarra da eta begi beltz-beltzak ditu. Hauxe bai niretzako moduko emakumea! Baina....ez dago zer eginik. Musika gaietako bibliotekara joan nintzen behin eta gu biontzako gauza aproposen baten bila ibili nintzen. Bi aria osoak zeuden, soprano eta kontrabajurako. Bi aria! Biak ere, jakina, inortxok ere ezagutzen ez duen Johann Sperber-enak. Bion artean konpartitzeko pieza bi, eta hori, jakina, ez da inolako oinarria, horrekin ez goaz inora.

Zer behar du, bada, soprano batek? Ez gaitezen ametsetan hasi! Soprano batek laguntzaile bat behar du, pianojole itxuroso bat. Edo, hobe, orkesta-zuzendari bat. Eta ez hori bakarrik, zuzendari teknikoa bera ere garrantzizkoagoa da sopranoarentzat kontrabajujolea baino. Gure zuzendari teknikoarekin hartuemanen bat izan duelakoan nago. Bide batez esango dizuet zuzendari hau burokrata hutsa dela, funtzionari belarri gogor bat. Kabroi gizen, zahar eta lizun bat. Eta marikoia gainera. Beno, agian ez du beronekin zerikusirik izan, batek daki. Egia esan, niri bost axola; baina ondo pentsatzen jarrita, horren damu izango nuke, ze, ni ez naiz kapaz (gauza) gure zuzendari teknikoarekin oheratzen den emakume batekin ohera joateko. Ez nioke sekula barkatuko. Ohea joatea! Baina gu, Sara eta biok, ez gara, ezta hurrik ere, puntu horretaraino iritsi, eta arazoa da ea inoiz iritsiko ote garen, berak ezagutu ere ez nau egiten eta. Zalantzan nago nitaz ohartu ote den. Musika aldetik seguru ezetz! Altuenean, tabernan. Nire itxura ez da nire musika jotzeko era bezain traketsa. Baina bera oso gutxitan joaten da tabernara. Askotan gonbidatu egiten dute. Bera baino kantari zaharragoek. Artista gonbidatuek. Arrain-jatetxe garestietara gonbidatzen dute. Jatetxe horietan legatzak bost mila pezeta (200 libera) balio du. Nazkagarria benetan. Eta nazkagarria baita, gaztetxo bat berrogeita hamar urteko tenore batekin irtetea. Jakina!,... gizon horrek 500.000 mila pezeta (20.000 libera) kobratzen ditu gau bitan! Aizue, badakizue zenbat irabazten dudan nik? Berrehun mila 10.000 garbi-garbiak. Edozein bulegarik irabazten du, edo bere ordu libreetan lan egiten duen edozein estudiantek. Eta ze ikasketa egin dute horiek? Bat ere ez. Ez dute ezertxo ere ikasi. Nik, ordea, bizitza osoa eman dut ikasten eta gaur egun, oraindik ere, egunero entsaiatu behar dut.

Dena dela, badaukat, nahi izanez gero, arrain jatetxe dotore horietako batera joaterik! Eta, behar izanez gero, bost mila pezeta (200 libera) gastatuko nituzke legatza jateagatik. Lasai asko gastatu gainera, bai horixe! Eta hala ere, nazkagarria deritzot! Sara hurbilduko balitzait -baina ez nau ezagutzen- eta belarrira esan: «Goazen legatza jatera, maitea!» nik erantzungo nioke: «Bai, nire kuttuna, zergatik ez? Goazen legatza jatera, maitea, eta bost mila pezeta (200 libera) gastatu behar baditut, niri bost axola!» Maite dudan anderearekin ongi hezitako gizona naiz ni, gizabidez portatzen dakiena. Baina horrek ez du esan nahi, andere hau ongi hezitako beste gizon batzurekin irtetea ontzat ematen dudanik. Nazkagarria deritzot!Mikel Martinez. Nik maite dudan emakumeak ez du zertan joan behar beste gizon batzurekin arrain-jatetxe batera. Gau batean bai eta bestean ere bai...! Egia da ez nauela ezagutzen, baina... horixe da duen aitzakia bakarra! Ezagutu egingo nau... eta orduan... eta orduan ez da hain erreza izango... baina... ezagutuko nau, bai... eta orduan... ikasiko du, ze.., ze... ez diot utziko nire andreari, sopranoa delako besterik gabe, eta behin Dorabella kantatu zuelako, edo Aida, edo Butterfly ni kontrabajujole soil bat naizen bitartean, ez diot utziko... Barkatu,... lasaitu egin behar dut... lasaitu pixka bat... nik uste... lasaitu... Uste duzue... asko eskatzen... diedala emakumeei?

Entzun hau, Dorabellaren aria... Bigarren aktoan... Cosifan tutte. Bai, horrelakoxeak dira 'tutte'. Mozart-ek ere ondo ezagutzen zituen.


(Disko bat jarri eta entzuten geratzen da).

Aizue, badakizue, kantatzen entzuten zaionean, gezurra dirudi guzti hori egiteko kapaz denik. Kantatzen duenean eta nola kantatzen duen entzuten dudanean, egitan diotsuet, bihotza tximurtu egiten zait, ez dakit beste era batera esaten. Eta orduan neskatxa, arrain-jatetxe batera doa fama handiko musikari batekin, edozeinekin! (Diskoa kentzen du). Mariskoa eta erreboiloa afaltzera! Eta bitartean, bera maite duen gizona gela insonorizatu batean sartuta dago, itxuragabeko musikatresna hau eskuetan duela, berak kantatzen dituen tonuak atera ezinik. Eta gizajo honek buruan daukan gauza bakarra bera da!

Zerbait egin beharko nuke, ezta? Ezagutu ere ez nau egiten! Baina ezagutuko nau, bai horixe! Ezagutuko nau. Badakit nik zer egin berak ni ezagutzeko. Bai, nik nahi izanez gero......gau honetan bertan ezagutuko nau.

Sarri joaten al zarete operara? Imajina ezazue gaur gauean ni ikustearren zoaztela operara, Rin-eko Urreak irekiko duen jaialdira. Mila pertsonatik gora jantzi luze eta traje ilunekin. Emakumeen usain goxoa, perfume eta desodoranteek isuritako giro lurrintsua. Smokinen zeta beltzaren dirdaia, kokote garbien eta diamanteen diztirak. Dena diztiratsu. Lehen iladan ministro-kontseiluaren burua familia eta guzti, gabineteko kideak, nazioarte mailako pertsonalitateak. Antzerki-zuzendaria bere palkoan, anderea, maitalea, familia eta ohorezko gonbidatuak inguruan dituela. Musikako Zuzendari Nagusiaren palkoan, Musikako Zuzendari Nagusia bera, bere emazte eta ohorezko gonbidatuekin. Denak Carlo Maria Giuliniren zain, gaueko saioaren protagonista nagusia. Ateak astiro ixten dira, armiarma gorantz altxatzen da, argiak itzali egiten dira, dena da lurrina eta urduritasuna.

Giulini agertzen da. Txaloak. Makurtu egiten da. Ile garbitu berrien orrazkera apaina lorrindu egiten zaio. Orduan, orkesta dagoen alderantz bueltatzen da, azken eztul-hotsak, ixiltasuna. Besoak altxatzen ditu, lehen bibolinjolearen begiradarekin topo egiten du, buruarekin baiezko keinua egiten dio, beste begirada bat, azken eztul-hotsa...

Eta orduan, opera unibertso oso bat bilakatzen den momentu berezi eta goren horretan, barru-barrutik, zuzendariarengatik urrunen dagoen leku hartatik, lehen bibolina baino askoz ere atzeragotik, gainerako lehen eta bigarren biolak, txeloak, flautak, oboeak, klarineteak, fagotak eta metalezko musikatresnen atzekaldetik, kontrabajujoleen txokotik....baina ez lehenengo atriletik, ezta bigarrenetik ere, kontrbajujoleen hirugarren atriletik, tinbalen azpian eta kontrabajuaren beraren azpian nagoen lekutik, bihotz maitale baten karraixia lehertzen da... SARA!!! SARA!!!

Ondorengo iskanbila, ikaragarria da. Biharamunean egunkarietan agertzen da, bota egiten naute orkesta nazionaletik, berarengana noa lore sorta bat eskuan hartuta, berak ateak irekitzen ditu, lehenengoz ikusten nau, bere aurrean tente, heroe baten moduan, eta diotsat: «Istilu gorri honetan sartu zaituen gizona naiz, maite zaitudalako». Besarkada batean estutzen gara, bata bestearengan aterpea bilatuz, bat egiten gara, zoriontasunaren zoriontasuna, mundua bertan behera dator gure oinetara... Amen.

Normala denez, Sara burutik kentzen saiatu naiz. Baina orduan entsaio bakoitzean bere abotsa entzuten dut, abots hori, organo zerutiar hori.....eta........

Tira, berandu egin zait. Barkatu baina... arropaz aldatu beharra daukat. Nire lan honetan, frakez jantzita ibili behar izaten dut. Baina ez pentsa neurea denik! Alokatu egiten dut. Neurea, benetan neurea, alkandora baino ez da.

Orkesta Nazionaleko kidea naizenez gero, ia-ia funtzionaria naiz eta, horrenbestez, bizitza guztirako. Asteroko ordutegi finkoa daukat eta bost asteko oporrak. Gaixoaldirako aseguroa. Soldataren igoera automatiko bi urtean behin. Aurrerago, pentsioa. Bizitza aseguraturik daukat erabat...

Askotan segurantza horrek bildurtu egiten nau... eta, ia ez naiz ausartzen etxetik irteten, hain seguru sentitzen naiz eta etxe barruan. Nire denbora librean nahiago izaten dut etxe barruan gelditu, oraingo honetan bezala, bildurrak eraginda. Nola esango nizueke? .........lanpostu finkoa izateak sortutako psikosia... nola eta kontrabajujole gisa gainera! Ez bait dago kontrabajujole librerik. Ofizio honetan funtzionaria bazara, bizitza osorako da.

...Gaur gaueko errepresentazioa mozten ez badut, behinik behin, Sarah! oihu eginez. Heroe baten tamainako ekintza litzateke. Ministroen kontseilu-buruaren aurrean. Sarahren ohorez... eta nire lanpostua galtzearen desohorez. Ez luke parekorik izango. Kontrabajujolearen garraxia. Gerta liteke lehen ministroaren zaintzaileetariko batek tiro bat emanda ni hiltzea. Ustekabean, bapateko erreakzio baten ondorioz. Edota bestela, huts egin eta zuzendari gonbidatua hiltzea. Edonola ere, iskanbila ederra aterako luke. Nire bizitza erabat aldatuko lukeena? Etenaldi izugarria nire biografian. Eta ez hori bakarrik, horren ondorioz Sarah neureganatzea lortuko ez banu ere, ez ninduke sekula ahaztuko. Bere karreran, bere bizitzan sekula ahaztuko ez duen pasadizua izango nintzateke. Eta ni libre egongo nintzateke... libre... Antzerki Nazionaleko Zuzendaria bezain libre.

Bai, beharbada egin egingo dut. Beharbada, harantz abiatuko naiz oraintxe bertan, nagoen bezala; haraxe sartu eta garraxia bota....

Beste aukera, kamara-musikarena da. Txintxoa izatea, lanari ekitea, ikasten segitzea, pazientzia handiz jardutea, lehen bajujolea B orkesta batean, kamara-musikarako elkarte txiki bat, zortzikotea, diskoa, txintxo ibili, edozertara moldatu, nolabaiteko ospea lortu, umiltasun guztiz, eta Schubert-en Amurrainaren Kintetorako heldutasuna irabaztea.

Schubert-ek nire adina zeukanean, bazeramatzan hiru urte hilda.

Orain joan beharra daukat. Disko bat jarriko dizuet. Shubert, piano, bibolin, biola, txelo eta kontrabajurako Kintetoa La Malorren, 1819an konposatua, hogeita bost urte zituela.

Eta orain banoa. Operara joan eta garraxi egingo dut. Atrebitzen banaiz, behinik behin. Edonola ere, egunkarietan irakurriko duzue bihar. Ikusi arte!

(Gelatik irteten da. Diskoa ipinita utzi du eta Schubert-en Amurrainaren Kintetoaren lehen zatia entzuten da).

 
Amaiera

  www.maskarada.net  

Testuak (Hasierako orria) www.komunika.net Euskalbanner

Egilea: Joseba Barrenetxea