HERRI BAT, GAZTETXE BAT!
(zortzi agerraldiko kale antzezlan panfletario laburra, arkupe batean emateko)
Juan Luis Zabala
 
Testuak (Hasierako orria)

 
Estrenaldia: Azpeitiko Kontzejupean, 1998ko martxoan

Zuzendaria: Pako Aristi

AURKEZPENEKO OHARRAK

      Azpeitiko Gazte Asanbladaren enkarguz idatzitako antzezlan laburra da hau, eta talde horretako hainbat kidek osatutako antzeztaldeak estreinatu zuen, Azpeitiko Udaletxeko kontzejupean, 1997ko martxoan, Pako Aristiren zuzendaritzapean, Espainiako Poliziak Pasaiako Badiako sarraskian eraildako Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kideen omenez urtero antolatu ohi diren ekitaldien egitarauaren barruan. 

      Azpeitiko estreinaldi hura izan da antzezlanak orain artean izandako emanaldi bakarra. Emanaldi hark testu hau izan zuen oinarrizko gidoi, baina aldaketa asko egin zizkioten Pako Aristik eta antzeztaldeko aktoreek. Izan ere, gidoi hau oinarrizko hari xume bat baino ez da, era guztietako aldaketetara irekia, tokian tokiko zein garaian garaiko xehetasunen eta lanari ekiten diotenen gustu, joera, apeta, aukera eta ahalen arabera. 

      Testua Azpeitian emateko dago pentsatua, eta, horregatik, pertsonaien jardunean hango hizkerako elementu batzuk ageri dira tarteka, dena batuan dagoen arren, aditzak ere barne. Alde horretatik, komenigarri eta are beharrezkoak ere badira tokian tokiko egokitzeak. 

      Antzezteko lekurik egokiena arkupea eta kioskoa dituen plaza bat da, baina bestelako lekuetara egokitzea ere ez da ezinezkoa. 
 
JOKALARIAK

- Jatorrietako Gazte Asanbladako kideak: Urrategi, Joxe, Sara, Tximas, Pantxo, Luis, publiko artean kokatutako beste batzuk... 
- Alkatea 
- Zinegotziak 
- Euskaltzainak 
- Udaltzainen burua 
- Udaltzainak 
- Herrizaingo sailburua 
- Ertzainen burua 
- Ertzainak 
- Txofer bat (gazte indartsua) 

 
 

LEHENDABIZIKO AGERRALDIA

Arkupeko bazter batean ezarritako eszenategian, Hego Euskal Herriko taberna arrunt bat dago irudikatua. Adin guztietako jendea dago barra ondoan eta mahaietan eserita. Eszenategiaren aurreko aldean, publikotik gertu, elkarrekin batutako hiru mahaitan, hamabi bat neska-mutil gazte daude bilduta, hizketan, garagardo batzuk edaten eta porro batzuk erretzen dituzten bitartean: Urrategi, Joxe, Sara, Tximas, Pantxo, Luis...

URRATEGI. Garbi zagon Aiuntamentuak ez digula gaztetxea eman nahi eta mugitu egin behar dugula kalean. Bestela hauekin jai zaukanagu. Lokalik ez dagoela, estatutuak egin behar direla, arauak jarri behar direla, arduradun bat behar dugula eta horrelako hostiakeriak beti... Horiek EGIkoentzako moduko gaztetxea eman nahi zigutek, ez guk nahi dugun erakoa.

JOXE. Herri hau la hostia dun. Markatutako bidea segitzen badun, dirua, lokala eta nahi dunan dena emango dinate, baina zeozer diferente samarra baldin badaukan buruan, beraien betiko eskemetatik pixka-pixka bat ateratzen dena, ikusten dun zer dagoen... Elkarrekin egoteko tokirik ez eta taberna batean egin behar bilerak.

TXIMAS. PNVko karneta atera beharko diagu denok, ea horrela kasurik egiten diguten.

PANTXO (porro bat erretzen, patxada-patxadan). Edo Zaharren Etxeko bazkide izan arte itxoin zezakeagu lasai-lasai bestela.

Barre egiten du jendeak Tximas eta Pantxoren ateraldiekin.

JOXE (seriotasuna berreskuratuz). Urrategik esan duena egia duk. Kalean mugitzen ez bagara jai zaukaagu, alfer-alferrik ari gaituk, ez diagu sekula gaztetxerik izango.

SARA. Datorren asteartean Euskaltzaindiko jendea zatorrek herrira, hemengo apaiz idazle zahar bati omenaldia egitera. Alkatea eta kontzejal denak izango dituk han, eta herriko putre zahar denak, Euskaltzaindikoekin batera, eta periodistak, argazkilariak, ETBko kamarak ere bai igual... Ondo egongo lukek hori aprobetxatzea.

URRATEGI. Ba Aiuntamentuko ate aurrean sentada bat egin zezakenagu. Ez dinat uste grazia handirik egingo dienik gu bezalako zarrastrajo batzuek protokolo guztia izorratzeak.

TXIMAS. Eta zarata pixka bat ateratzeko turuta batzuk eramaten baditugu hobe igual. Euskaltzaindikoek flipatu egingo diten.

JOXE. De puta madre!

SARA (lehor). Zeinen amagatik ari haiz, tio?

JOXE. Bueno, entenditzen dun zer esan nahi dudan, ezta?

SARA (haserre samar). Bai, nik entenditu gauza asko egiten ditiat, gehiegi, baina hik ezta hostiarik ere, hori duk problema.Hik betiko lepotik burua. Alferrik duk jardutea.

JOXE (gogor samar hau ere). Bale, bale, tia, bale. Oso ondo iruditzen zaidala mobida, bale? Sentada, turutak eta hori dena... Oso ondo! De la hostia! Bale?

URRATEGI. Bueno, horretan geratzen gaituk hortaz? Sentada eta turutak, bale? Bueno, eta komunikatu bat ere egin beharko diagu ba, han zertan gauden esateko.

TXIMAS. Euskaraz ondo eskribitzea komeniko dun, bestela Euskaltzaindikoak gure kontra jarriko ditun eta.

JOXE. Eta zeinek nahi dik Euskaltzaindikoak alde izan? Horiek ez al dira alkatea eta kontzejalak bezalako putretzarrak ala?

LUIS. Bueno, ez denak. Batzuk legal samarrak dituk. Eta nik uste diat Tximasek arrazoi duela. Aurreko panfletoa lotsagarri samar zegoan, euskara aldetik failo dexente zian.

URRATEGI. Ba badakik zer egin behar duan oraingo hau ona izan dadin. Hik ere parte hartu. Aurrekoa idatzi genuenan gurekin izan bahintz, hobeto aterako zuan seguru asko. Beraz, badakik, tio...

LUIS. Bai, baina egun hartan ezin izan ninan... Esamina ninan hurrengo egunean eta...

JOXE. Esplikazio horiek alferrikakoak dituk, Luis. Hemen edo hago edo ez hago. Eta baldin bahago egon nahi dualako duk. Eta punto. Ez daukak justifikatu beharrik.

LUIS (pixka bat nekatuta). Bale, bale, oso ondo. Bueno, hasiko al gara panfleto hori eskribitzen ala zer? Euskaltzaindikoak haluzinatuta utziko ditiagu oraingo honetan.



BIGARREN AGERRALDIA

Jende mordo bat dago herriko udaletxeko arkupean eserita: antzerkiko ikusleak dira. Antzeztokitzat hartutako arkupea, berez hala ez den kasuetan ere, udaletxeko arkupe bihurtuko baita antzezlanak dirauen artean. Gazte Asanbladako pertsonaiak ere --aurreko agerraldiko guztiak-- jende artean daude: Urrategi, Joxe, Sara, Tximas, Pantxo, Luis... Orri bat banatuko du Joxek jende guztiaren artean. Asanbladaren ondoren prestatutako komunikatua da. Honela dio gutxi gora-behera:

Euskara bai, gaztetxea ere bai!

Herriko alkate eta zinegotzi jaun-andere txit agurgarriek ongi-etorria egin diote gaur Euskaltzaindiari, Prontxio Larrañaga Larrañaga jatorrietatar apaiz eta idazle jatorra ohoratzeko hautatutako egun seinalatu honetan.

Euskaltzaindiko jaun akademiko sekula ez behar bezain ongi goretsi, goraipatu eta ohoratuak herrian izango genituela jakinik, eta horrek, guztiz logiko eta ulertzekoa denez, komunikabideen arreta erakarriko zuela oharturik, ezinbestekoa iruditu zaigu abagadune ezin egoki eta aproposago hau gure eskari eta erreibindikazio gure ustez guztiz bidezko eta zilegien berri emateko.

Nahiz eta guztiz ulergarri irizten diogun zuek Jatorrietako Turuta Orkestraren musika oso gustukoa ez izateari, zinez espero dugu gure hizkuntzaren zaindari jaun-andere agurgarriok jakingo duzuela gure jokabidea bere neurri egokian baloratu eta estimatzen, zuen akademia ere gurearen antzeko estuasunak eta larrialdiak nozitua denez gero, hain urrunak ere ez diren garaietan.

Besterik gabe. Adeitasunez,

Jatorrietako Gazteen Asanblada

GAZTETXEA BEHAR DUGU, ORAIN!

AUTOERAKUNTZA!

Kanpoaldetik udaletxe azpiko arkuperantz gizon korbatadun mordoska bat eta soineko dotoreko bi edo hiru emakume doaz: alkatea, zinegotziak eta euskaltzainak. Baita kazetariak, argazkilariak eta kameralari bat ere haien atzetik. Haien aurretik, hiru udaltzain. Udaletxeko ate aurrean dagoen jendea ikusita, udaltzainen buruarekin hizketan hasi da alkatea. Ez da entzuten zer esaten dion. Gero biek jotzen dute arkuperantz, atzean beste bi udaltzainak dituztela.

ALKATEA. Ez daukazue hemen egoterik. Baimena behar da honelako protesta ekitaldi bat egiteko. Jaiki beharra daukazue.

URRATEGI. Hau ez al da ba leku publikoa? Zergatik ezin gaitezke hemen egon?

JOXE. Gu ez gaituk inorekin sartzen ari. Bake-bakean gaudek. Ez zioagu inorik kalterik egiten.

TXIMAS. Ez zaukaagu hemendik mugitzeko batere asmorik.

Pantxok panfletoaren kopia mordoska bat du esku artean eta horietako bat ematen dio alkateari. Honek irakurri gabe zimurtu eta lurrera botatzen du.

SARA. Hi, edukazio pixka bat. Hori al da alkateak herriko gazteei ematen digun ejenploa? Ez al dik lotsa ematen paperak lurrera botatzeak?

LUIS. Letu ezak pixka bat gutxienez. Ala ez dakik letzen?

ALKATEA. Broma gutxi kontu hauekin, aditu? Ez bazarete bake-bakean jaiki eta joaten indarra erabili beharra izango dugu. Zuek aukeratu nola alde egin nahi duzuen hemendik. Agudo gainera, Euskaltzaindikoak zain daude-eta.

JOXE. Ez zieagu udaletxera sartzea eragotziko. Guk, besterik gabe, pasatzen direnean hemen egon nahi diagu, eta panfletoak banatu denei. Hori ez al da demokratikoa? Zer egin behar dugu hortaz?

Joxek esandakoari kasurik egin gabe, belarrira zerbait esaten dio alkateak udaltzainen buruari.

UDALTZAINEN BURUA. Minutu bat emango dizuet. (Erlojuari begiratzen dio.)

TXIMAS. Gu ez gaituk mugituko. (Hori esan eta berehala turuta jotzen hasten da.)

Publiko arteko aktoreak ere --Urrategi, Sara, Joxe, Tximas, Pantxo eta abar--, turuta jotzen hasten dira. Eserialdiko jendea ere --hots, publikoa-- turuta jotzen edo oihuka hasiko da. Horretarako, ikusleen artean haiek berotuko dituen infiltratu batzuk izatea komeni da, eta turutak baldin badituzte jende artean banatzeko, askoz ere hobe.

UDALTZAINEN BURUA (erlojuari begira). Berrogei segundo...

Sortu den iskanbila dela-eta umore txarrez, alkateak belarrira hitz egiten dio berriro ere udaltzainen buruari. Gero zinegotzi eta euskaltzainengana doaz atzera berriz alkatea eta udaltzainak. Azkar-azkar, denak udaletxe barrura sartzen dira, hots, arkupeko etxeetako bateko bebarrura. Pantxok eta beste gazte batzuek panfletoa ematen diete zinegotziei eta euskaltzainei, baita udaltzainei ere. Gehienek hartu egiten dute, baina batzuek, bekoskoz eta umore txarrez, uko egiten diote esku artean papera hartzeari.



HIRUGARREN AGERRALDIA

Berriro ere eszenategi gaineko lehengo tabernan, lehen bezala, Urrategi, Joxe, Sara, Tximas, Pantxo, Luis eta beste bospasei gazte daude elkarrekin bildutako hiru mahairen inguruan.

LUIS. Bai, sentadarena ondo atera zuan, baina horrekin ez genian gauza handirik lortu, egia esan. Gaztetxerik gabe segitzen diagu, eta ez zaukaagu gaztetxea lortzeko lehen baino esperantza handiagorik.

SARA. Zer espero huen ba, tio? Sentada bat egitea nahikoa izango zela alkateak, akojonatuta, guri gaztetxea emateko?

TXIMAS. Akojonatuta? Kontrolatu beharko dun ba hiztegi hori. Joxe baino zakarrago eta matxistago ari haiz jartzen, tia.

SARA. Ez konparatu, Tximas... Baina bai, arrazoia daukak, hitz hori ere matxista duk... Bale. Bueno, esaten ari nintzena... Hau borroka luzea dela, ez dela egun bakar batean irabazten.

LUIS. Bai, bai, bazakinat hori, baina nazkatuta nagon herri puta honetako kontuekin. La hostia dun. Denetik deitu ziguten mobida hori dela eta. Ezta Euskaltzaindiko bat jipoitu bagenu ere!

TXIMAS. Batzuek merezi ziaten, egia esan. Kristoren begirasuna bota zidaan batek panfletoa eman nionean.

PANTXO. Ba beste batzuk jator askoak zituan, tio. Denetik zegoan.

SARA. Herriko jendea bezala. Herrian batzuek ondo hartu ditek gure mobida, beste batzuek ez...

URRATEGI. Nik ez zakiat zer penstatuko duen jendeak, baina ez zaidak inporta. Nik garbi zeukanat kalean kaña sartzen segitu behar dugula, hori dela bide bakarra gaztetxea lortzeko. Ez zaukanagu beste ezer eskuetan. Kaleko mobidak eta punto. Eta horrekin ahalegindu beharra zaukanagu.

PANTXO. Ba niri iruditzen zaidan herriari gure egoera erakusteko onena dela gaztetxean egingo genituzkeen gauzak kalean egitea, jendeak ikus dezan benetan behar dugula gaztetxe bat.

JOXE. Hurrengo asanblada kalean egin zezakeagu igual, plazan.

TXIMAS. Ba al dakizue non egingo nukeen nik gustora bilera? Hiribide Berriko paso zebran, trafikoa moztuz. Hori puntazo bat izan zitekek. Trafiko gehien dagoen orduan gainera, astegun batean eguerdiko ordu batean. Bestela jendeak ikusi bai, ikusiko gaitik baina baita segituan ahaztu ere. Paso zebra horretan egiten badugu bilera ez zaie denei hain azkar ahaztuko, hori seguru.

PANTXO. Hori de puta madre iruditzen zaidak. Zergatik eduki behar dute beti lehentasuna kotxeek? Behingoagatik bada ere, guk aginduko diagu karretera gainean, zer hostia!

LUIS. Baina berriz ere jendea gure kontra jarriko diagu.

URRATEGI. Ez diat uste. Orain alde dagoenak alde segituko dik gero ere. Horrelako mobidak egiten ez baditugu zer hostia egin dezakegu? Panfletoekin bakarrik ez zagok ezer, Luis, panfletoekin bakarrik jai zaukaagu.

JOXE. Bilera egin beharrean ekintza kulturalen bat edo egin zezakenagu. Ez zakinat, koadro batzuk pintatu edo musika jo...

PANTXO. Horrek amorrua ematen zidak, tio. Zergatik ekintza kulturala? Ematen dik behartuta gaudela beti ekintza kulturalak egitera jendearen aurrean ondo geratzeko. Kultura, kultura... Zer da ba kultura hain sakratua izateko? Musean ere jokatuko diagu ba gaztetxean gaztetxea izaten dugunean, ezta? Nik behintzat badiat asmoa.



LAUGARREN AGERRALDIA

Arkupetik kanpoko bidearen zebrabidearen gainean --horrelakorik ezean, aurretik marraztu beharko da, arkupetik ahalik eta gertuen--, mahai eta aulki batzuk jarrita, musean ari dira Urrategi, Sara, Tximas eta Pantxo, tarteka-tarteka "hordago handira", "eutsi", "pareak bai" eta antzekoak esanez. Gaztetxearen aldeko kontsignak ageri dira bai soinean jantzita dituzten sandwich gisako karteletan eta bai aulkien atzealdean dituztenetan ere. Gaztetxeko gainerako jendea inguruan dago: Joxe, Luis eta abar... Auto mordo bat ari da pilatzen haien inguruan, pasatu ezinda. Amorratuta, oihuka eta irainka hasi dira txoferrak. Baina laurok musean jokatzen segitzen dute, kanpoko ezeri jaramonik egin gabe. Txoferretako bat, morrosko gazte sendoa, autotik irten eta muslariengana inguratzen da.

TXOFERRA (sututa). Bueno, hi, nahikoa jo diguzue adarra. Altxa hortik eta utzi pasatzen. Bestela ondo damutuko zaizue eta.

Txofer gehiago ere inguratu da muslariengana lehenegoaren atzetik. Muslariek, lehen baino pixka bat urduriago bada ere, musean jarraitzen dute, "hordago txikira", "bi gehiago" eta abar.... Haien lagunen ardura da txofer asaldatuei aurre egitea. Muslarien lan bakarra, berriz, musean jokatzen jarraitzea.

JOXE. Bueno, bueno, lasai, tio. Ez diagu hau geure gustuz egiten. Ez zaukaagu honelako mobidak egin beste erremediorik, Aiuntamentuak kasu putarik egiten ez digulako.

TXOFERRA. Eta niri zer hostia kontatzen didak? Hori esaiok Aiuntamentukoei baina ni bakean laga, aditzen al duk?

Sirena hotsak entzuten dira. Udaltzainak datoz. Muslarien mahaira inguratzen dira. Muslariek berean jarraitzen dute, "hordago handira" eta abar... Joxe, Luis eta gaztetxeko beste kideak udaltzainen eta muslarien artean kokatu dira.

UDALTZAINEN BURUA (oso haserre). Bueno, jaso mahai hori eta ospa hemendik, bestela hostiaka aterako zaituztegu eta. Agudo!

JOXE. Bale, bale, oraintxe joango gaituk. Baina esan alkateari astero etorriko garela hona Aiuntamentuak gaztetxea ematen ez digun bitartean.

Gazteak mahaia eta trasteak jasotzen hasten dira.

UDALTZAINEN BURUA. Kabroi zikinak! Gustura emango nizueke astindu eder bat ea espabilatzen duzuen. Hau ez duk honela geldituko! Ez pentsa dena barkatuko dizuegunik.

Gazteek bidea libre uzten dute eta trafikoa bere onera dator berriro.



BOSGARREN AGERRALDIA

Gaztetxea okupatu dute eta gaztetxean daude orain gazteak: Urrategi, Sara, Joxe, Pantxo, Tximas, Luis eta beste mordoska bat. Lehen taberna zegoen eszenategian irudika daiteke gaztetxea, dekoratua aldatuz, edota arkupeko beste bazter batean bestela. Asanbladan bilduta daude, korro handi bat eginez.

JOXE. Azkenean okupatu egin behar izan diagu, baina gaztetxea lortu diagu behintzat. Hori oso ondo zagok, baina horrek ez dik esan nahi orain borrokan segitzeko motiborik ez daukagunik. Seguru nagok gure aktibidadeentzat dirua eman beharrean gure kontra egingo dituela ahaleginak inondik ahal badu Aiuntamentuak. Hori beti izan duk horrela eta nik ez diat sinisten hori gaztetxe berri honekin aldatuko denik.

TXIMAS. Dena dela, nik uste diat garbi izan behar dugula gure borroka bakarra ez dela gaztetxea bera. Gaztetxea ez duk helburua. Gure ideiak, gure mobidak eta sistemaren kontrako gure borroka aurrera eramateko bitarteko hutsa izan behar dik gaztetxeak. Nik behintzat oso garbi zaukaat hori. Gustuko musika entzun, porroak erre eta zerbeza edateko leku bat baino gehiago ez baldin bada, frakasoa izango duk gaztetxea.

SARA. Ni ere sistema honen aurka nagok, tio, eta borrokatzea beharrezkoa ikusten diat. Baina iruditzen zaidak askotan gehiegi fijatzen garela kanpora begira egiten den borrokan, gure artean sistemak inposatutako eskemak itsu-itsuan erreproduzitzen ari garela konturatzeke, neska eta mutilen arteko harremanetan, hitz egiteko moduan eta beste kontu askotan. Gaztetxeak jokabide berrientzako espazio librea izan behar dik, gure arteko harremanak modu naturalagoan lantzeko tokia. Horretan ez badugu ezer aurreratzen, alferrik ari gaituk sistemaren kontrako borrokan, gure mundua azken batean gure gurasoena bezalakoa izango duk eta. Niri behintzat ez zaidak iruditzen orain artean horretan asko aurreratu dugunik.

JOXE. Zer esan nahi dun? Potroak gora eta potroak behera ibili beharrean beste era batera hitz egin beharko genukeela, esate baterako?

URRATEGI. Ez duk hori bakarrik, Joxe. Hori ondorioa besterik ez duk, gure arteko harremanetan dauden akatsen ondorioa. Zuek igual ez zarete konturatu, baina asanblean ez duzue neska batek esandakoa mutil batek esandakoa bezala hartzen. Asanbleako emakumeok askotan hitz egin diagu horretaz geure artean eta ados gaudek denok: guk esandakoak zuek esandakoak baino askoz ere pisu txikiagoa zaukak asanblean. Hori hala duk.

SARA. Nik horretan arrazoia ematen dinat, Urra. Baina problema jeneralagoa dun. Ez dun neska eta mutilen arteko harremanen kontua bakarrik. Gaztetxean juntatzen gaitun, elkarren ondoan borrokatzen dinagu, Aintamentuaren kontra, Ejerzitoaren kontra, sistemaren kontra, presoen alde, nahi dunan guztia, baina ez dinagu elkar ezagutzen, ez zaukanagu elkarren berri, ez zaigun batere inporta aldamenekoak zer problema dituen. Eta, lehen esan dudan bezala, sistemaren kontra borrokatzea alfer-alferrik dun gu geu ez bagara barrutik aldatzen...

Isilka-misilka, sei bat ertzain inguratzen dira bat-batean gaztetxera, eta leiho batetik zehar gas negarrarazlea botatzen dute gaztetxe barrura.

JOXE. Zer hostia da hau?

SARA. Itotzen ari nauk!

PANTXO. Hau ez zagok agoantatzerik.

Gasetik babesteko maskarak jantzita, ertzainak gaztetxe barruan sartzen dira eta gazteak ateratzen dituzte porrazoka eta ostikoka.



SEIGARREN AGERRALDIA

Arkupetik kanpoko kioskoan, edo, kiosko edo antzekorik ezean, emanaldirako propio atondutako gisako eszenategi batean, alkatea eta beste korbatadun bat daude, mitin batean. Kioskoaren aurrealdean afixa handi bat dago, honela dioena: "Hurrengo hauteskundeetan ez nahastu: eman botoa EAJ-PNVri". Entzule asko dute: antzerkiko publikoa, arkupetik jaiki eta kiosko aurrean zutik jarria. Ertzain asko dago ekitaldia zaintzen. Gazte batzuk hizlariei txistu egiten saiatuko dira baina ertzainek berehala isilaraziko dituzte kolpeka.

ALKATEA. Eta ondoren, ohore handi bat da niretzat Lehendakari jaun txit agurgarriari hitza ematea. Gure herriak zor handia du gizon honekin. Txalo bero bat, mesedez.

HERRIZAINGO SAILBURUA. Ez dago dudarik herritar maiteok... Aurrera goaz! Aurrera beti! Eta ez gaitu ezerk geldiaraziko! Ikusteko modukoak dira, urrutirago joan gabe, zuen herri eder eta jator honetan azken boladan egindako aurrerakuntza ederrak: saihesbide berria egin dugu, Abiadura Handiko Trenaren ibilbide berria prestatzeko lur-sailak eskuratu ditugu, eta, batez ere, hori izan baita gure garaipenik handiena, Ertzaintzaren laguntzaz, herriko gazte jendea bide onera eraman dugu, drogaren eta likiskeriaren tenplo narrats hori, gaztetxea deitzen zutena, behin eta betiko itxita. Gogoan daukat nola zuen herriko alkateak aspaldi esan zidan arazo handiak zituela gazteriarekin. Herriko gazte batzuk, gutxiengo txiki baina lotsagabe bat, betiko gazte txoroak, gainerako gazteak engainatzen eta indarra erabiltzen ari ziren beren helburu maltzurrei begira: herri honetan kaosa sortzea, herria alferkeriaren erresuma bihurtu eta hondamendira eramatea. Zuen alkatea argi mintzatu zitzaidan. Esan zidan udaltzainak ez zeudela prestatuta bihotzik gabeko gazte biolento eta drogatu horiei hegoak ebakitzeko. Beste zerbaiten beharra zuela horien asmo gaiztoei aurre egiteko. Horregatik, ez nuen dudarik egin. Garbi zegoen herri honek Ertzaintzaren premia zuela, eta ertzainak bidali nituen, horrelako gaitz arriskutsuak errotik moztea komeni baita, hazten utzi gabe, gero beranduegi izan daiteke eta. Oraingoz kanpoko herrietatik etorri izan dira ertzainak Jatorrietara, baina gustu handiz agintzen dizuet urtebete pasatu baino lehen zeuen komisaria izango duzuela herrian bertan, herri guztiaren zerbitzura. Ikusten duzuen bezala, ez dago dudarik. Aurrera goaz. Eta aurrera jarraitzeko bide bakarra dago. Aurtengo hauteskundeetan, beti bezala, emaiguzue botoa eta utzi gainerakoa gure eskuetan. Gainera, lasaiago eta gusturago bizi zaitezten, telebistan hurrengo urtean aurten baino are futbol gehiago izango dizuela agin diezazueket, eta halaxe agintzen dizuet hemendixe bertatik. Mila esker, herritar zintzo maiteok, eta beste bat arte. Jainkoak benedika zaitzatela. Zoazte Jaunaren bakean.



ZAZPIGARREN AGERRALDIA

Aurreko agerraldian bezala, tabernan daude berriro gazteak, Urrategi, Sara, Joxe, Tximas, Luis, Pantxo eta abar.

LUIS. Alferrik dun saiatzea, tia. Munipekin bai, moldatzen gintunan, baina gure kontra zipaioak bidaltzen hasi zirenetik gauzak ondo lotuta zauzkan Aiuntamentuak. Niri behintzat ez zaidan okurritzen zer hostia egin dezakegun.

URRATEGI. Nik uste diat ez dugula etsi behar. Kalean kaña sartzen segitu behar dugula, lehen bezala, behin eta berriz, gelditu gabe. Azkenean kasu egin behar zigutek, gaztetxea bueltatzera derrigortu behar ditiagu.

LUIS. Eta zer egin nahi dun? Beste sentada bat Aiuntamentu aurrean?

URRATEGI. Bat ez, behar adina. Egunero sentada bat eguerdian eta beste bat plenoa dagoen orduan. Eta turuta jo nazkatu arte. Gauza handirik ezin badugu egin, gauza txikiak egin etengabe. Nik horrela ikusten diat.

TXIMAS. Bai, nik uste dinat hori dela egin dezakegun onena. Herriko jende guztia enteratuko dun guk zer pentsatzen dugun eta zer nahi dugun, eta Aiuntamentukoentzat beti izango dun presio bat gu hor egotea egunero-egunero tabarra ematen.

JOXE. Oso ondo. Benga, Luis, hasi komunikatua eskribitzen.



ZORTZIGARREN ETA AZKEN AGERRALDIA

Jende mordo bat dago udaletxeko arkupean eserita: antzerkiko ikusleak dira. Gazte Asanbladako kide ezagunak ere jende artean daude: Urrategi, Joxe, Sara, Tximas, Pantxo, Luis... Orri bat banatuko du Joxek jende guztiaren artean. Asanbladaren ondoren prestatutako komunikatua da. Honela dio gutxi-gora-behera:

Gaztetxea orain!

Bide onetik eskatu genuen arren, Udalak ez zigun eman nahi izan, eta horregatik kaleko mobidetara jo beharra izan genuen gure erreibindikazioak plazaratzeko. Alkatearen menpeko Poliziak, Udaltzaingoak, aurre egin zigun gure protestaldietan, baina guk geureari eutsi genion. Udalak ez zigun, hala ere, lokalik eman nahi, herrian lokal mordo bat egon arren hutsik, ezertarako erabilerarik gabe. Egoera horren aurrean, gure kaleko mobiden azken puntua gaztetxearen okupazioa izan zen.

Baina alkatea eta bere zinegotzi zintzo eta leialak ez dira gutaz fidatzen, eta horregatik partiduko bere lagunekin hitz egin eta Jatorrietara zipaioak etor zitezen lortu zuen alkateak. Asko gustatu zaizkio itxura denez, nola edo hala datorren urtean zabaldu nahi baitu Zipaioen komisari berria Jatorrietan. Guk, gure aldetik, ahal duguna egingo dugu zipaioak ez daitezen gure herrira etorri, ez baitauzkagu erraz ahazteko gu gaztetxe okupatutik botatzeko eman zizkiguten jipoiak.

Gu gizarte libreago baten alde lanean jarraitzeko prest gaude. Asanbladaren bidezko parte hartzean eta autoerakuntzan sinesten dugu.

Horregatik, egunero bi aldiz, eguerdiro eta ilunabarrero, bilduko gara udaletxearen aurrean eserialdia egiteko gure gaztetxea lortu arte.

JO TA KE GAZTETXEA LORTU ARTE!

AUTOERAKUNTZA!

EKINTZA ZUZENA!

Jatorrietako Gazte Asanblada

Arkupearen kanpoaldean gizon korbatadun mordoska bat eta soineko dotoreko bi edo hiru emakume daude. Haien inguruan ertzain eta polizia sekretu mordoska bat. Alkatea ertzainen buruarekin ari da hizketan. Ez da entzuten zer esaten dion. Ondoren, ertzainen burua plaza aldera doa, atzetik ertzain guztiak dituela.

ERTZAINEN BURUA. Ez daukazue hemen egoterik. Baimena behar da honelako protesta ekitaldi bat egiteko.

URRATEGI. Hau ez al da ba leku publikoa? Zergatik ezin gaitezke hemen egon?

JOXE. Gu ez gaituk inorekin sartzen ari. Bake-bakean gaudek. Ez zioagu inorik kalterik egiten.

TXIMAS. Ez zaukaagu hemendik mugitzeko batere asmorik.

Pantxok panfletoaren kopia mordoska bat du esku artean eta horietako bat ematen dio ertzainen buruari. Hark irakurri gabe zimurtu eta lurrera botatzen du.

SARA. Hi, edukazio pixka bat. Irakurri pixka bat gutxienez. Ala ez al dakik letzen?

ERTZAINEN BURUA. Ni ez nago hemen zuen paperak letzeko. Ez bazarete bake-bakean jaiki eta joaten indarra erabili beharra izango dugu. Zuek aukeratu nola alde egin nahi duzuen hemendik. Alkatea eta kontzejalak zain daude, plenoa egiteko.

JOXE. Ez zieagu Aiuntamentura sartzea galaraziko. Guk, besterik gabe, pasatzen direnean hemen egon nahi diagu, eta panfletoak banatu denen artean. Hori ez al da demokratikoa? Zer egin behar dugu hortaz?

ERTZAINEN BURUA. Minutu bat emango dizuet. (Erlojuari begiratzen dio.)

TXIMAS. Gu ez gaituk mugituko. (Hori esan eta berehala turuta jotzen hasten da.)

ERTZAINEN BURUA. Ongi pentsatu zertan ari zareten. Gu ez gara udaltzainak, eta gaur hemen ez dago ez euskaltzainik eta ez kazetaririk. Agindu zehatzak ditugu!

Aktore denak eta publiko arteko jendea ere turuta jotzen edo oihuka hasten da.

Pentsatzekoa da hemendik aurrera aktoreek ez dutela atal honetan ezer berezirik esan edo egin beharrik izango. Publikoko jendea hasiko da ertzainen buruari oihu eta txistu egiten eta abar... Dena berez aterako da.

ERTZAINEN BURUA (erlojuari begira). Berrogei segundo...

Publikoak berean jarraituko du, noski, turuta jotzen, oihuka.

ERTZAINEN BURUA (erlojuari begira). Hogeita hamar segundo...

Publikoak turuta jotzen eta oihuka jarraitzen du.

ERTZAINEN BURUA (erlojuari begira). Hogei segundo...

Publikoak turuta jotzen eta oihuka jarraitzen du.

ERTZAINEN BURUA (erlojuari begira). Hamar segundo besterik ez daukazue. Zeuek ikusi...

Publikoak turuta jotzen eta oihuka jarraitzen du.

ERTZAINEN BURUA. Amaitu da denbora. (Bere menpekoei zuzentzen zaie.) Aurrera mutilak! Gureak dituk! Txikitu arte!

Ertzainek jende guztia sakabanatu eta arkupetik ateratzen dute kolpeka.

Ertzainek eserialdian dauden guztiei --hots, publikoa osatzen duten guztiei-- erasotzen diete porrekin, jende guztia handik altxarazi eta arkupetik atera nahian. Hortik aurrera gertatu behar duena gertatuko da. Amaitu da emanaldia, edo emanaldiaren idatzizko gidoia behintzat.  

Amaiera

 

 

Testuak (Hasierako orria)

www.komunika.net