AZKEN BENSHIA

 

Teatro Testuak

(hasierako orria)

Aitor Argote eta Iņigo Azkona

Teatro Testuak

(hasierako orria)

 

Aktoreak:

Benshia eta pantailaren atzetik itzalak egingo dituen beste pertsona bat.

Eszenatokiaren deskripzio orokorra:

Eszenatokiaren erdian zinemarako pantaila bat. Ezkerreko aldean aulki eta mahai bat, mahaiaren gainean lanpara txikia eta zenbait paper.

Beste zenbait ohar:

Antzezpenari dagokionez, isilunez beterik aurreikusi dugu eta protagonistaren ibilera eskenatokian pausatua izango da, honekin kutsu japoniarra emango diogu, isilunea eta hutsunea edo hutsa haien kulturaren ezaugarriak baitira ere bai.

 

Lehenengo eszena eta bakarra

 

(Eszenatokia ilun dagoela, mahaiaren lanpara txikia izan ezik, pantailan Zazpi samuraiak (azken eszena, Uzta) pelikularen irudi mutuak agertuko dira. Irudien gainean, mahaiaren ondoan ikusten ez dugun gizonezko batek hitzak jarriko ditu.)

 

Benshia:

 

(Irudiei hitzak jarriko dizkie, batzuetan deskribapena eginez, eta beste batzuetan pertsonaiei ahotsak jarriz).

Udaberria heldu da, mendi ezezaguna belar finen artean. Jaiotako hostoek oihu egiten dute tenplu zaharra bilduz. Sugeak alde egin du eta loreez hornitutako mendia lasai geratu da.

Gizonon txirulek eta atabalek emakumeen higidura laguntzen dute. Urre zuria landatuz bizitza hasten da berriro herrixka zaharrean..

"-Ekin gogor emakumeak, ez galdu erritmoa; orain egiten dugunak etorkizunean ordaina izango du-"

Esku guztiak batera, landare mehea dutela, putzu lokaztuan sartzen dira uraren hoztasunari erreparatu gabe.

"-Aurrera emakumeak, ez galdu betarik-"

Urrunetik samurai garaileek beren bezeroen zorionari egiten diote so buru makur.

Zein gaiztoa den bizitza! Heriotza zorionaren ama ei da.

Hiru samuraiak beren kideen hilobien aurrean, lau tontor txiki, ezpatak gurutze dutela, garaileak haiek ez direla izan konturatu dira.

Garaipenak ez du zentzurik lagunak galduz gero.

Samurai gazteenak ere orain ulertu du neskaren erantzun hotzean.

"-Guk ez dugu ezer irabazi, haiek dira benetako garaileak-"

Hilobiek, dena dela, haizeari kontra egiten diote, bide bazterrean.

 

(Pelikula amaituko da, pantaila amatatu, eta eszenatokiaren argiak piztuko dira poliki. Bazterrean benshi zaharra ikusiko dugu altxatzen kimono ilunez jantzita). Publikorantz joango da eta erreberentzi txikia egin ondoren hizketan hasiko da.)

 

Benshia :

 

Eskerrik asko hemen izateagatik. Hauxe izan da pelikularen amaiera, eta garai baten amaiera baita ere. Japonen zinema azaldu zenetik garrantzi handia zuten irudien azalpenek, hau da, benshiek egiten zuten lana.

Ni Yukio Lixiba nauzue. Azken benshia. Gaur egun, kabaret motako ikuskizunetara baztertuta, bitxikeria banintz bezala. Baina orain hona ekarriko dizuet, nire oroimenaren poderioz, gure antzinako handitasuna (hunkituta)

Hura bai garaia. Mota guztietako pelikulak poesia bihurtuz gure hitz eta azalpenei esker. Pelikularik arruntena lan pertsonal eta ederra bihurtzen genuen... Zine hutsa baino gehiago zen.

Arte honekin hasi nintzelarik  arrakastaren tontorrean zegoen eta benshien hitzek zine irudiek baino garrantzi handiagoa izaten zuten.

Eta arrakastaren gailurrean ere maitasuna ezagutu nuen.

 

(Eszenatokiaren argiak amatatzen diren bitartean pantaila piztuko da eta neska japoniar baten itzala azalduko zaigu)

 

Benshia :

 

(Benshiak neskarengana hurbiltzen den bitartean egingo du berba) Bera ilargia eta eguzkia zen gaua eta egunarekin batera.

(Orain benshia neskari egingo dio berba eztiki)

Niretzako zu zinen inportanteena. Nire lana bezain inportantea.Eta zurekin nire urrezko garaia bizi izan nuen, nahiz eta merezi zenuen arreta nik eman ez. Ulertu behar zenuen, nik nire lanaren beharra nuela, arrakastaren puntara heltzeko.

 

Neska:

 

(Pantailatik benshiari begira) Ni ilargia ninduzun. Baina nik ez nuen inoren planetaren menpe egon beharrik. (Orain benshiari bizkarra ematen) Bai , ordea, eguzki baten su eta laztanen  magalean.

 

( Benshia zutitu eta neskarengana hurbiltzen da laztantzeko asmoz, baina neskaren itzala desagertuko da pantaila amatatzean.) (Bitartean eskenatokiko argiak piztu eta benshiaren etsipena azalduz)

 

Benshia :

(Belauniko publikoari)Baina lurrikara madarikatu horrek eraman zintuen nigandik urrun, baita nire lanaren mamia ere. Zeren lurrikararen ondorioz zinema industria pikutara joan eta kanpoko pelikulak etorri zitzaizkigun erruz, doinu kutsakorrez beterik.

(Benshia zutituko da eta hasperen eginez jarraituko du gogoz)

Baina ezin nintzen gelditu. Lan handia egiteke zegoen. Nire beharrean gogor eta gogoz aritu nintzen, eta orduan nire lan eskertzera ardura handiko pertsonak hurbildu zitzaizkidan bere gomendio jakintsuak ekarriz.

 

(Pantaila piztu eta nagusiaren itzala agertuko da, aurreko itzala baino handiagoa. Benshiari egingo dio berba mugitu gabe)

 

Nagusia:

 

Yukio, ondotxo dakizu Japonentzat garai latzak datozena, eta asko dira aberriaren kontra jotzen dutenak. Gure herriaren kultura eta etorkizuna babestu behar ditugu... beharbada sufrimenduaren bidez... agian gudaren bitartez... Baina egin behar egin beharrekoa...

 

Benshia :

 

(Nagusiari) Bai nagusia, badakizu beti zure esanetara gustura nagoela. Baina, orain zer egin ahal dut?

 

Nagusia:

 

Zoritxarrez gerra hurbil dugu, eta beste garaiko etsaiak menderatu eta gero , une berriak datoz eta lehenengo etsaia, gaur, lagun bihurtu behar dugu, Amerikatik etorritako eragin itogarria gainditzeko.

Konfiantza zugan jarri dugu gure herriaren sena babesteko.

 

Benshia :

 

Baina, nagusia, Alemaniari gerra egin diogu. Nola demontre orain...?

 

Nagusia:

 

Yukio, ez izan umea. Zure eskuetan eta zure ahotsean gauzak bihurtzeko ahalmena dago. Nik izenburua eman dizut, beraz, zuk orain hitzez bete, gure herriaren gustuko hitzak erabiliz.

Agur, Yukio. Lana ondo bete. (Hau esanda, pantaila pixkanaka amatatuko da)

 

(Orain Benshia mahaira abiatu, jesarriko da eta lanpara txikia piztuko du. Paperetan idazteari ekingo dio. Idazten duen bitartean idatzitakoa ozenki irakurriko du era solemnez pantailan agertuko diren irudien gainean) (Gerra irudiak izango dira)

 

Benshia :

Gure herritar maiteok, poesiak eta handitasunak gure herria urteetan laztandu dute. Baina orain aldaketa garaia heldu zaigu, eta gure buruak garai gogorretarako prestatu behar ditugu. Japonek betidanik etsaiak izan ditu, etsai handiak, baina beti haiek menderatzeko gauza izan gara. Eta oraingoan ez da gutxiago izango. Mehatxu arrotzengandik babestu beharrean gaude, beharbada antzinako etsaiekin bat eginez. Alemania kasu.

Baina zeregin handia da gurea. Harroputz amerikano horiek gailentzea, hain zuzen, beren kultura arrotza eta inmoralaren azpian zapalduta ez geratzeko haien pelikuletan ikusten dugun bezala.

Horren kontra gure indar guztiaz jo behar dugu, askok bizitza gure enperadore gorenari eskainiz.

Etsaiek eta lurrikarek ez gaituzte akabatu, hori da jaungoikoak bere herri egin gaituelako. Aurrera Japon.

 

(Irudien amaiera bonba atomikoarekin egingo da, eszenatokiko argiez baliatuz efektua handiagoa izango da. Azkenik, eszenatokiko argiak amatatu eta pantaila zuriz geldituko da, baina argituta.

Benshiak mahaiaren kaxoi bat ireki eta ezpata txikia aterako du. Zutitu eta poliki pantailaren atzeko alderantz abiatuko da, buru makur. Orain benshiaren itzala pantaila atzean ikusiko dugu, ezpata esku artean eta belauniko era solemnean sepuku edo harakiri delakoaz bere buruaz beste egingo du. Hil eta, pantaila eta eszenatokia ilun geratuko dira.)

(Handik zortzi segundotara eszenatokiaren argiak era ikusgarrian, kolore biziz piztu eta amatatuz, benshia pantailaren atzetik azalduko da kimono koloretsua jantzita eta publikoari mintzatuko zaio)

 

Benshia :

Gure ohorea salbatzeko erak badaude, baina bizitza salbatzeko era bakarra dago, eta hori aukeratu nuen nik, inportanteagoa baita nire lanaren bidez herriari egindako zerbitzua. (Mahaira hurbildu, paperak bildu eta publikoari mintzatuz) Nork ulertaraziko die zer egin behar duten?(Aulkian jesarriko da) Nork bestela azalduko die mundua nolakoa den?(Mahai gainean piztuta dagoen lanpara txikia amatatuko du, eszenatokia ilunpean geldituz).

 

Teatro Testuak

(hasierako orria)

Amaiera

Teatro Testuak

(hasierako orria)